Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko Euskal Herriari pilotalekua lepo bete zen atzo goizean Nafarroako Aizkora Txapelketako finala ikusteko. Herriko seme Floren Nazabalek, Donato Larretxea, Juan Jose Lopez, Miel Mindegia eta Antonio Senosiainekin neurtu behar zituen indarrak. Txapelketan emandako erakustaldiengatik, Etxarrikoa zen faborito, baina finala amaitu arte ez zegoen ezer erabakita.Lan erditik aurrera erabaki zuen txapelketaHamar pago-enbor zituzten mozteko: lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko. Txapelketa ofizial batean lehen aldiz, aizkolariek laguntzailea izan zuten alboan, denendako ere mesedegarri. Lehen enborretan parez pare ibili ziren etxarriarra eta Larretxea eta bizi-bizirik egon zen lehia. Lan erdietako azken enborrean ordea itxi egin zitzaion epaia Donatori eta hor hartu zuen aldea Etxarrikoak. Handik aurrera gora egin zuen Nazabalek, erritmoari ongi eutsiz. Areriorik gabe, 26:32ko denboran amaitu zituen etxarriarrak lanak. Ia hiru minutuko aldea kendu zion Larretxeari. Lehen postua erabakita, bigarrenaren bila abiatu zen Larretxea. Erraz gailendu zitzaien atzetik zetozenei, 29:26ko denborarekin. 3. postua helburu, parez pare ibili ziren Lopez eta Mindegia, pilotalekuan zeudenen gozamenerako. Lezaundarrak gora egin zuen azken enborretan eta berarendako izan zen hirugarren postua, 30:29ko denborarekin. Mindegiak 31:04 minutu behar izan zituen lanak amaitzeko. Finalerako sailkatzearekin pozik, hasiera hasieratik atzean geratu zen Senosiain I.a. 38:31 minutu behar izan zituen Olaguekoak 10 enborrak ebakitzeko.Beste behin ere agerian utzi zuen Floren Nazabalek sasoi betean dagoela. Etxarriarren txaloen artean jantzi zuen Nafarroako laugarren txapela.