Sailkapen nagusiko 2. postura igo da Etxarri

Guaixe 2008ko urriaren 6a

Merezitako garaipena eskuratu zuen larunbatean Etxarrik, San Donato futbol zelaian. Ez zuen nolanahiko bisitaria, Ardoi liderra hartu baitzuen etxean. Baina partidu serioa jokatu zuten Etxarrikoek. Nagusi izan ziren partiduaren lehen zatian eta, bide horretatik, gol ederra sartu zuen Ruedak 17. minutuan. Berdintzeko aukera izan zuen Ardoik, baina geldialdi bikainarekin, markagailua hutsean mantendu zuen Etxarriko Iñaki atezainak. Hobeki aritu ziren Ardoikoak bigarren zatian, baina ez zuten golik sartzea lortu. Beraz, 1-0koarekin, etxean geratu ziren 3 puntuak. Infanzones taldea da lider berria, 9 punturekin. Haren atzetik dago Etxarri, 7 punturekin.