Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo, Etxarri Aranatzen, Aizkora Txapelketa amaitzearekin batera, pilotalekua garbitzeari ekin zioten udaletxeko langileek. Izan ere, herriko feriak behar bezala amaitzeko, Aspeko pilotari profesionalen norgehiagoka hartu zuen Euskal Herriari pilotalekuak arratsaldean. 17:00etan eman zioten hasiera pilota jaialdiari. Lehen norgehiagokan Apezetxea-Beroiz eta Ongai satrustegiarra eta Urberuaga lehiatu ziren. Lehen biak aurreratu ziren markagailuan, baina Ongai eta Urberuagak ez zuten etsi. Lehia polita sortu zen bi aurrelarien artean. Partiduak aurrera egin ahala hazi egin zen Satrustegiko pilotaria. Apezetxea, berriz, hutsak egiten hasi zen. Azkenean, 17-22koarekin, Ongai eta Urberuagarendako izan zen garaipena. Partidu estelarrak Etxarriko bi atzelarien arteko lehia hartu behar zuen. Lasa III.ak, ordea, minduta zuen eskua eta ezin izan zuen jokatu. Eulatek hartu zuen haren lekua eta Xalarekin batera, Martinez de Irujo eta Zubietarekin neurtu zituzten indarrak. Hasiera hasieratik aurre hartu zuten Martinez de Irujok eta Etxarriko gazteak. Baina Xala eta Eulate ere borrokarako gogoz atera ziren kantxara. Etxarriko pilotalekuan bildu zirenek gozatu ederra hartu zuten bi aurrelarien jokaldi ederrekin. Aitor Zubietak ere herrikoen txaloak jaso zituen behin eta berriz. Partidak aurrera egin ahala, urduritzen joan zen Eulate eta hutsak egiten hasi zen. Azkenean 11-22koarekin amaitu zen norgehiagoka. Herriko semearen garaipenarekin pozik atera ziren pilotalekutik etxarriarrak.