Plaza bete ziza eta landare

Guaixe 2008ko urriaren 10a

Etxarri Aranatzen mikologiaren arra zabaldu zuten Bixente Garziandia Bartze, eta Jose Luis Eseberri omentzeko sortu zen erakusketa eta asmo horrekin jarraitzen du. Haiek zizen eta landareen inguruan irakatsitakoa etxarriarrei eta bisitariei ere zabaldu nahi diete eta horregatik erakusketa. Igandean Etxarri Aranazko plazara hurbiltzen denak hainbat mahaitan jarritako zizak eta landareak ikusteko aukera izanen du. Inork zalantzarik edo argibiderik behar izanez gero, ziurrenik argituko dion norbait izanen duela inguruan igandean.  Plazako erakusketaz gain, tabernetan ere zizak izanen dira. Iturri-Eder, Lekuona, Larraza, Iratxo eta Xapatero tabernek zizekin egindako pintxoen dastaketa prestatu dute. Bestalde, antolatzaileek erakusketa prestatzeko garaian Larrañeta elkarteko mendi taldearen, udalaren, Goierriko zurak eta Insalusen laguntza izan dute.