Zubieta lau t´erdiko txapelketan

Guaixe 2008ko urriaren 9a

Atzo aurkeztu zuten Bilbon EPELen lau t´erdiko txapelketa. Antolaketari dagokionez ez du berrikuntza handirik ekarri. Aurtengoan ere 20 pilotari lehiatuko dira kaiolan, Aspeko 10 eta Asegarceko beste 10. Ordezkari bakarra izanen du Sakanak txapelketan: Aitor Zubieta. Iaz mustu zuen etxarriarrak txapelketa.Lau multzotan banatuta daude pilotariak. Kanporaketak gainditu eta final-laurdenetara iristen direnek zerrendaburuekin neurtu beharko dituzte indarrak: Irujo, Titin III.a, Barriola eta Olaizola II.arekin. Aipagarria da Irujo, Barriola eta, batez ere, Olaizola II.a oinazeekin daudela. Asteburu honetan hasiko da lehen kanporaketak. Baina etxarriarrak datorren asteburura arte itxaron beharko du txapelketa mustutzeko. Zozketak B taldean kokatu du Aitor Zubieta. Lehen kanporaketan Arretxe II.a izanen du aurrez aurre, urriaren 19an. Hura mendean hartuko balu, urriaren 26an, Berasaluze VIII.a eta Larralderen arteko irabazlearekin neurtu beharko ditu indarrak. Iazko txapeldun Titin III.a da Zubietaren taldeko zerrendaburua. Aldaketarik ezean, abenduaren 7an jokatuko da finala, Gasteiz edo Donostian. Alberto Ongai bigarren mailan Bigarren mailako lau t´erdiko txapelketa ere asteburu honetan hasiko da. Bihartik abenduaren 14ra arte, Asegarceko 8 pilotari eta Aspeko 6 ariko dira nor baino nor. Final-laurdenetan nahastuko dira bi enpresetako pilotariak. Txapelketa irabazten duenak, datorren urtean 1. mailako lau t´erdiko txapelketan lehiatuko da. Sakanako ordezkari bakarrak, Alberto Ongaik Merinorekin neurtuko ditu indarrak lehen kanporaketan. Hori gaindituko balu, Mendizabal eta Oteizaren arteko partidaren irabazlearen aurka lehiatuko litzateke. Final-laurdenetako irabazleek ligaxka jokatuko dute final-erdietan. Finala abenduaren 14rako iragarri da. Olaztin mustuko da bigarren mailako txapelketaOlaztiko udal pilotalekuak hartuko du txapelketako lehen kanporaketa, bihar, iluntzeko 20:00etan. Txapelketaren final-zortzirenetan, Urrizelki eta Olaetxea lehiatuko dira zein baino zein. Partida horren aurretik, pilota jaialdiari hasiera emateko, eskuz binaka lehiatuko dira Chafee zuhatzuarra eta Oteiza, Mendizabal eta Argoteren aurka.  Olaztiko Udalak Sutegi kirol elkarteko pilota taldearen laguntzarekin antolatutako jaialdi honi esker, pilotaz gozatzeko aukera paregabea dugu sakandarrek.