Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baseliza zutik mantenduko bada lanak egitea ezinbestekoa da. Jakina denez, Konzezio ermitako paretak zabaltzen ari dira. Horrek ganga edo bobedak zabaltzea ekarri du eta arkuak erortzeko arriskua ere badago. Eraikinaren egitura konpontzeko, besteak beste honako lanak eginen dira: paretak sendotu, gangak eta barruko arkuak saneatu eta teilatua eta estalpea berritu. Lanak eginen dituen enpresarekin dagoeneko harremanetan dago elkartea. LaguntzaKonzezio baseliza egokitzeko lanek 127.360 euroko aurrekontua izanen dute. Lanak aurrera eramateko sortu den elkarteak etxarriarrek orain arte emandako laguntza "inportantea" izan dela azaldu du. Bide batez, laguntza emateko bideak ekarri ditu gogora. Batetik zabalik dauden kontu korronteetan diru ekarpenak egitea: Nafarroako Kutxan (2045 0162 01 9149848118), Euskadiko Kutxan (3035 0116 97 1161033281) eta Banco de Vasconian (0095 4643 61 0700138144). Bestetik, Nafarroako Kutxaren 13.391. laguntza proiektuaren bidez egitasmo horretarako ere dirua bideratu daiteke. Konzezio Baselizaren Lagunak jakitera eman du lanen aurrekontua estaltzeko bidean, iaz bezala aurten ere eguberrietako loteria eskainiko duela. Bestalde, ermitako konponketa lanetan boluntario gisa lanean aritu nahi dutenek elkartearekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar. AdierazpenaKonzezio Baselizaren Lagunak elkartea pentsaera ezberdinetako pertsonek osatzen dute. Interes bakarrak batu ditu, ermita zaharberritzea. Horren inguruan, Konzezio, bilgunerako leku izenburua duen adierazpen bat ere plazaratu dute. Konzezio, bilgunerako lekuAranazko lurraldean kokatua dagoen baseliza dugu Konzezio eta hau konpontzekotan gaude. Gure desira da Konzezio zaharberritze prozesuan parte hartzen dugun pertsona gehiengoen edo guztion pentsatzeko eta sentitzeko era desberdinak biltzea. Konzezio geure historiaren lekukoa da. Erdi Aroan eraikia eta geroztik hamaika aldiz berritua. Lazkoz herriaren parrokia izan zen, herri horretako biztanleria Etxarriko harresien barrura bizitzera joan arte XIV. mendean. Beraz, zaharberritze hori, baseliza hau eraikuntza erlijiosoa eta kulturala bezala ikusten duten pertsonentzat, baliagarria izan dadila nahiko genuke, izan ere, etxarriarrona den historiaren zati garrantzitsu bat gordetzen baitu. Bestalde, Konzezio toki eder batean kokatua dago. Berrikuntza honek, denboran atzera eramaten gaituen kokagune paisajistiko berezi honi balio kultural bat ematen dioten pertsonentzat baliagarria izan dadila nahi dugu. Bide batez, euren lan, fede eta gogoarekin baseliza hau jaso zuten gure arbasoak gogoratu eta ohoratu nahi ditugu. Baseliza honek estalpea dauka. Inguruan ibiltzen ziren nekazariek eskatutakoa, gaur egun ere, bertan babestu gaitezke, atseden hartu, eta geldiune lasai eta erakargarria izaten jarraitzea nahi izango genuke. Batzen saia gaitezen, bada, kristau praktikante eta ez praktikante diren pertsona guztien sentsibilitateak; baita Eliza edo Parrokiaren ondasuna dela edo Etxarri herriko ondasuna dela pentsatzen dutenena ere. Bestaldetik, giza espiritualitatea, erlijio, kultura eta kontraesan guztien gainetik dagoela uste duten pertsonen sentimena jasotzen dugu, hauentzat leku sakratu guztiak errespetagarriak baitira. Aipatutako arrazoiengatik eta izan daitezkeen beste batzuengatik, Konzezio pertsona askorentzat ondasun baliotsua da. Baseliza hau zaharberritzeko proiektuan motibo eta sentsibilitate ezberdinak ditugun pertsonak ados jar gaitezkeela uste dugu. Guztion hasierako eta oinarrizko helburua Konzezio baselizaren iraupena da, prozesu honetan aurki daitezkeen kontraesan eta zailtasun guztien gainetik. Konzezio Baselizaren Lagunak.