Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehen mailako lau t´erdiko txapelketako final hamaseirenetan Aitor Zubieta etxarriarrak Iker Arretxe, Arretxe II.a izan zuen arerio atzo Eibarko Astelenan. Gauzak oso gaizki hasi ziren atzelari etxarriarrarendako, primerako hasiera izanda 0-12 hartu baitzuen menpean Arretxek. Luzaideko pilotariak oso joko serioa plazaratu zuen, tanto dotoreak burutuz eta dejada ugari eginez. Aldiz, Zubieta galduta zebilen, urduritasunak jota eta asmatu ezinik. Bati guztia ongi ateratzen zitzaion, eta besteari gaizki. Artekariak isilik eta pilotazaleak harrituta, lehiarik gabeko eta akatsez betetako beste partida bat ikusiko zutenaren beldur. Bi pilotarien alde fisikoa ere nabaria zen: Iker Arretxek 1,79 metro eta 79 kilo, eta Zubietak 1,93 eta 93 kilo. Alde handia, beraz. Markagailuari buelta emateko gai izan zen ZubietaBaina zorionez gauzak aldatu egin ziren. 0-12ko partzial bikainaren ondoren Arretxek ahulaldia izan zuen eta etxarriarrak egoera primeran aprobetxatu zuen. Konfiantza hartuz joan zen eta tanto luze eta borrokatuak jokatu zituzten, lehenengo txapapera joaten ziren pilotak txapa gainean bukatuz. Lehiak erritmoa hartu zuen eta tantoak pilatzen joan zen etxarriarra, hamabostera berdintzera lortu arte. Ikuskizuna heldu zen atzera ere frontoira, pilotazaleak pozik ziren eta artekariak lanean. Baina Luzaidekoa bukaera aldera partidan sartu zen berriz eta hasierako jokoa egiten saiatu zen. Berriro ere sake onak atera zitzaizkion eta dejada bikainak utzi zituen, 16-22 irabaziz. Txanpa horretan Zubietak ezer gutxi egin ahal izan zuen azken erremateei erantzuteko, eta esan daiteke aurrelariaren ofizioak irabazi zuela norgehiagoka. "Azkenerako edozeinen aldera egin zezakeen partidak, baina berak hobeto irakurri du bukaera eta halaxe irabazi du" adierazi zuen etxarriarrak partida despeditu eta gero. Nolanahi ere, Etxarriko atzelariak detaile dotoreak utzi zituen partidan barna. Pilotazale adituek ziotenez, kaiolan jokatzeko egokiagoak diren posturak lantzen baditu eta tantoak bukatzen ikasten badu, zer esana eman dezake etorkizunean. Espezialista izan gabe itxura ona eman zuen etxarriarrak atzo. Aitor Zubieta zen lau t´erdian lehiatzekoa zen sakandar bakarra eta Arretxe II.aren kontra galdu eta gero txapelketatik kanpo geratu da. Arretxe II.ak Pablo Berasaluze du zain final-zortzirenetan.