Juan Karlos Lopez-Mugartzaren errezitaldia Senperen

Guaixe 2008ko urriaren 23a

Senpereko Hatsa elkartean poesia gustuko dutenak eta olerkigintzan aritzen direnak biltzen dira, Auxtin Zamora olerkari eta kultur eragilea buru dutela. Olerkiekin lotura duten hainbat ekitaldi antolatzen ditu elkarteak. Horien artean dago Maite ditugun olerkariak programa. Ekainean Lizarran ospatu zen Nafarroako Poesiaren Biltzarrean proposatu zioten Juan Karlos Lopez-Mugartzari Senperera joatea, baita berak "pozez beterik" onartu ere. Horregatik izanen da larunbatekoa Juan Karlos Lopez-Mugartzaren eguna. EgitarauaAltsasurekin senidetua dagoen Senperek, Larraldea baserrian, hartuko du Juan Karlosen emanaldia. Baina olerkariari eskainitako eguna ez da horretara mugatuko. Larunbatean, 9:30ean, dago jarrita hitzordua Amotz-Larraldean. Handik Gorremendira oinez igoko dira. Ibilaldiak oinezkoak gose utziko dituenez, 14:00etan, Larraldean bazkaria izanen da. Hara biltzen direnak baserrian Alvaroren margolanak ikusteko aukera izanen dute. Juan Karlos Lopez-Mugartzaren olerki emanaldia 16:30erako dago iragarria. Poetarekin batera bi etxarriar ere izanen dira: Alvaro Mundiñano Gartziandia margolaria eta Andres Garmendia Iza kantaria kantuan. TxiripaJuan Karlosek Koldo Arnanz margolari altsasuarrarekin harremana du. Senpereko errezitaldia prestatzen ari zela, Koldoren bidez izan zuen poesia, musika eta pintura uztartzen dituen Mugarri estaliak ikuskariaren berri. Juan Karlosek esan digunez, "Alvaro, Andres eta hirurok biltzea txiripa handia izan da" eta ziurtatu digu haiengan "eragin handia" izan duela Mugarri estaliak saioak. Biharko 3 protagonistek, bata besteari poesiak, irudiak eta euskal kantuak uztartzeko ideia aipatu eta aurreikusi gabea zegoen errezitaldia prestatzen bukatu dute. Juan Karlosek azaldu digunez Senperen lehen entsegua egin zuten eta "harrigarria izan zen: Alvaroren irudiak, Andresen kantak eta nire poemak ia-ia bat zetozen deus ere berezirik egin gabe, ia-ia moldaketaren beharrik gabe..." Alvaro Mundiñano Gartziandia margolariak egindako azken koadroak Juan Karlosekin kontsultatu ondoren egin ditu, "errezitaldirako egokiak izan daitezen". Kantuan Andres Garmendia Iza ariko da, Euskal Kantu Txapelketako txapelduna izana eta Etxarriko abesbatzako eta Iruñeko Orfeoiko kide izana. EmanaldiaSenpereko errezitaldiak hiru atal eta epilogoa izanen ditu. Atal bakoitzean, olerkiak eta Alvaroren margolanen diapositiben proiekzioa uztartuko da. Atal bakoitzaren bukaeran, berriz, Andres kantuan ariko da. Lehen atalak Ezin ahaztu izen burua du, Luis Marianok abesten zuen zortzikoak bezala eta, hain zuzen hura abestuz itxiko da lehen atal hori. Bigarren atalari Hegan zoaz izena eman diote eta izen bereko kantua zabalduko du bukaeran kantariak. Hirugarren atalak Senpere Amotze Erribera izenarekin bataiatu dute eta bertan "barne bidaia baten berri ematen da, Euskal Herritik Euskal Herrira, mundutik mundura, jakintzatik jakintzara, ohikoak diren beste bidaia batzuen hutsaltasuna agerian uzteko, ezjakintasunetik ezjakintasunera garamatzan bidetik ateratzeko. Senperetik abiatzen gara eta Euskal Herri osoa zeharkatuz Erriberaraino iritsiko gara". Benito Lertxundiren Erribera kantuarekin bukaera emanen dio atal horri Andresek. Despeditzeko, epilogo modura hiru atalen balantzea eginen du Juan Karlosek eta ekitaldiari Alvaroren margoen irudiek bukaera emanen diote.OlerkariaJuan Karlos Lopez-Mugartza 1961ean jaio zen, Zaragozan. Haurtzaroko udak Altsasun, amaren herrian, eman zituen, gurasoekin eta bi anai-arrebekin (Etxarrin ere baditu senideak). Altsasun entzun zuen estreinakoz euskara, bere amaren ezpainetan. 9 urterekin gurasoak hil zitzaizkion eta udaldiak osaba-izebekin pasa zituen, Parisen. Ikasi, berriz, Iruñean ikasi zuen. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasi zuen eta hantxe Doktore titulua eskuratu zuen. Gaur egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Euskal Hizkuntza eta Literatura irakaslea da.1993an Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia saria eskuratu zuen Garraren eta karroiaren margoak olerki bildumarekin. Hatsaren Poesia olerki bildumaren  jarraitzailea,  Nafar poesia egunaren  sortzaileetako bat eta Iruñeko euskarazko ekitaldi poetiko askoren arduraduna da. PoesiazJuan Karlosi galdetu diogu zergatik aukeratu duen poesia eta ez beste adierazpide bat eta zera erantzun digu: "Ba, egia esan, ez dakit oso ongi zergatik eta, ez dut uste arrazoi logikorik bila daitekeenik... Agian gauzak beste era batera, beste prisma batetik ikusteko eta erakusteko beharrarengatik. Eguneroko kronikak, egunkarietako berriak, komunikabideak prosaren esparruan murgiltzen dira, hizkuntzaren funtzio erreferentzialaren barruti itxian. Egia kontatzeko beharra dago, batzuek kontzienteki gezurra kontatzen badute ere, baina egia kontatzeko modu asko daude eta funtzio erreferentzial hutsak ez du hori lortzen laguntzen kasu guztietan, egunkariak irakurtzea besterik ez dago, zenbat egunkari ezberdin, zenbat ikuspegi ezberdin, eta askotan kontrajarriak, egitate bat beraren aurrean. Kasu hauetan guztietan argi dago ohiko prosak ez duela laguntza handirik ematen, aitzitik, behin baino gehiagotan argi eta garbi egon zitekeena ilundu egiten du prosak. Prosa interesatua eta manipulatua, nahi bada, baina prosa azken batean. Poesia bera ere manipulatua izan da, jakina, baina, halaz ere, ezin da horren erraz manipulatu oso hedadura txikikoa eta eragin murritzekoa delako, irakurle gutxi eta oso bereziak dituelako. Beraz, funtzio poetikoaren beharra dugu, errealitatea eta egia beste era batera azaltzeko. Kontzeptuak eta irudiak puruagoak, garbiagoak izaten dira poesian. Ezin da itzulinguru gehiegi egin, ezin da orriak eta orriak bete gai baten inguruan. Poesian esan behar dena kontatu behar da zuzenean, luzapenik gabe, lerro gutxi batzuetan. Bestalde, ezin da beti esan, esan nahi duzuna, esan nahi duzun bezala. Gai batzuk oso korapilotsuak dira, arriskutsuak, politikoki ez zuzenak, eta akats larria litzateke horiek funtzio erreferentzialaren bitartez jorratzea... Prosak ez du beti laguntzarik ematen eta poesiaren beharra dugu gai guztiak jorratu ahal izateko, zentsurarik gabe, generoak berak bere zentsura berezia aldez aurretik ezartzen dizulako eta ez dizulako ahalbidetzen burutik pasatzen zaigun lehenbiziko gauza esatea. Prosak, behin baino gehiagotan, burmuinarekin baino gehiago tripekin hitz egiten du... Poesiak, berriz, burmuinarekin hitz egitera behartzen zaitu, eta, gainera, bihotza oso kontuan izanik".