Zirkotik duen antzezlana

Guaixe 2008ko urriaren 24a

Aberatsen lurraldera bidaia egin duten lau gizonek deskubrituko dute han makinak agintzen duela, aberastasuna eta txikizioa sortzen duen makinak hain zuzen. Gose direnez makinaren esanetara jarriko dira gizonak. Haren esanak betetzen dituzte eta atsedenik gabe haren erritmoan lan egiten dute. Pobreen lurraldean utzitako pertsona maiteak dituzte gogoan. Bizi modu horretatik alde egiteko gizonek jolastu eta antzeztu egiten dute. Mikel Martinez de Narvajas, Andoni Lopez, Mikel Collado, Txetxu Collado, Juan Napal eta Javier Napalek osatzen dute La Banda konpainia. Zirkoan erroak dituen antzerki taldea 2002an sortu zuten Iruñean. Urte hartan bertan konpainiari izena eman zion ikuskizuna taularatu zuten. Palentzia Hiria kale antzerki afizionatuko nazioarteko jaialdiko lehen saria eskuratu zuen La Bandak 2004an.