Urrezko Aizkolarien Kopan Nazabal faborito

Guaixe 2008ko azaroaren 7a

Garaiko aizkolaririk onenek Urrezko Aizkolarien Kopa izanen dute jokoan datorren igandean. Lau aizkolari ariko dira zein baino zein: Floren Nazabal, Anjel Arrospide, Donato Larretxea eta Juanjo Lopez Azpilikueta. Iaz etxarriarra gailendu zen eta aurten ere, bera da faborito argia. Nazabalek irabazi berri du Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga. Aizkolarien artean orduan izan ziren aldeak errepikatuz gero, nabarmen gailendu daiteke Etxarrikoa. Hala ere, eskarmentu handiko aizkolariak dira Arrospide eta Larretxea ez dute erraz etsiko. Lopez ere goranzko bidean doa azkenaldian. Bost proba egin beharko dituzte aizkolariek: lehen proban, 45 ontzakoa erdibitu beharko dute kolpetara. Enbor bera izanen dute bigarren proban, baina erlojuz kontra. Hirugarrenean, 45 ontzako bi izanen dituzte, bat zutik eta bestea etzanda. Laugarrenean 60 ontzakoa ebaki beharko dute. Amaitzeko, bosgarren proban, bi kanaerdiko eta bi 60 ontzako izanen dituzte. 12:00etan emanen diote Egur Sport enpresak antolatutako norgehiagokari, Bilboko Itxaropen kaleko pilotalekuan.