Urrezko Aizkolarien Kopa Nazabalendako

Guaixe 2008ko azaroaren 10a

Floren Nazabal etxarriarra txapelak pilatu eta pilatu dabil. Duela aste batzuk Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga eskuratu bazuen, atzo Urrezko Kopa irabazi zuen, Bilboko La Esperanza pilotalekuan jokatutako finalean. Primerako giroan, Nazabal, Arrospide, Larretxea eta Juanjo Lopez Azpilikueta izan ziren lehiatu ziren aizkolariak, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan sailkatu ziren lehen lau aizkolariak, hain zuzen. Laurek 36 enbor moztu behar izan zituzten 5 modalitate ezberdinetan: 45 ontzakoa kolpeka moztu; 45 ontzakoa erlojuz contra moztu; bi 45 ontzako, bat zutik eta bestea etzanda moztu, 60 ontzakoa moztu, eta lan luzeena, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu. Proba guztiak kontuan hartuz azkarrena Nazabal izan zen, 15 minutu eta 15 segundotan gelditu baitzuen erlojua, bigarrena sailkatu zen Arrospideri 43 segundoko tartea atereaz (15:58). Arrospiderekin lehia bizia izan zuen Nazabalek, eta aurreko lau proben ondoren biak zeuden pareko. Beraz, Kopa azken lanean erabaki zen, eta Etxarrikoak ordura arte sufritu behar izan zuen garaipena lortzeko. Nolanahi ere azken proba luzean lan bikaina egin zuen Nazabalek, erraz irabaziz. Larretxea hirugarrena izan zen (16:28) eta Lopez Azpilikueta laugarrena (17:12). Esan beharra dago hirugarren lana arte aurrean izan zirela Larretxea eta Lopez, baina laugarren proban behera egin zuten. Saio berezia izan zen, Nazabal ez baitzen hasieratik nagusitu eta azken probara arte ez baitzuen txapela ziurtatu, eta lau aizkolariak ongi aritu zirelako. Euskal Herriko txapela, hurrengo erronkaUrrezko Aizkolari Txapeldunen Liga, Kopa eta Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketa irabazi eta gero, Floren Nazabalen hurrengo erronka Euskal Herriko Lehen Mailako txapela irabaztea izango da. Aipatu proba azaroaren 23an jokatuko da Amurrion, 12:00etan. Juan Jose Lopez, Luis Txapartegi, Iñaki Azurmendi, Josemari Olasagasti eta Daniel Vicente izango ditu aurkari Etxarrikoak.Bestalde, Egur Sport enpresatik azaldu dutenez, Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketa abenduaren hasieran abiatuko da Lizarran.