Larunbatean, ligatzeko eta ongi pasatzeko gonbitea

Guaixe 2008ko azaroaren 14a

Etxarri Aranazko tabernek - Lekuona, Derry, Larraza, Iratxo, Iturri-Eder, Iraize, eta Xapatero- eta Etxarriko Gaztetxeak - Neskazahar eta Mutilzaharren III. Ligoteo Eguna antolatu dute larunbaterako, azaroaren 15erako. Helburua: ongi pasatzea eta ligatzea, beti ere errespetuz. "Hasiera batean jaiaren helburua neskazaharrak eta mutilzaharrak elkartzeko aukera ematea bazen ere, gazteek egun hau festa egiteko aukera gisa azkar asko hartu zuten. Horregatik- aurten bi gunetan banatuko dugu festa" diote antolatzaileek. Horrela, urrezko ezkongabeendako ligoteo gunea izango da batetik, Karrikestu elkartean, eta gazteendako ligoteo gunea, bestetik, Etxarri Aranazko gaztetxean. Arratsaldean pintxoak, trikipoteoa eta auzateaEkitaldiak arratsaldean hasiko dira, 18:00etatik aurrera tabernek eskainiko dituzten pintxo bereziekin. Besteak beste, ondoko pintxoak dastatzeko aukera izango da: galeper arrautza frijituak Sakanako txistorrarekin; ostrak limoi zukuarekin; arrotza txipiroi tintarekin eta gainean mejiloi bihotzak tomate saltsan; zainzuri puntak maionesa eta errusiar entsaladarekin... 19:30etik aurrera trikipoteoa izango da, bertsolariekin, eta 20:00etan auzatea, Etxarriko plazan. Bi guneetan antolatutakoaAfaltzeko garaian, gazteak alde batetik ariko dira, eta helduak bestetik. Karrikestu elkartea neskazahar eta mutilzahar gunea izanen da, eta 21:30ean afaria antolatu da bertan. Menua, bikaina. Sartu-aurrekoak: macho iberikoak, pikitoak eta pikiloak entsaladan, kontsomea eta budina; sartu bitartekoak: otarrainxkak plantxan eta entrekota foie-arekin; eta sartu ondokoak: sorbetea, sagar-gozokia Idiazabal aparrarekin, kafea eta kopa. Afari txartelak erosteko Mikel deitu (615 834 028, 40 euro).Afaldu ondoren, 23:00etan, bertso beroak iragarri dituzte, eta 23:30ean Pantxika Lamurren emanaldia, "Neskazaharren erregina" antzezlanarekin. Gaueko 12:00etan miss neskazahar eta mister mutilzahar hautaketa izanen da. Bestalde, Etxarri Aranazko gaztetxea izanen da gazte ligoteo gunea. 22:30ean gazte afaria antolatu dute bertan, eta 1:00etatik aurrera gaupasa Bertxo DJ-rekin. Hiru pegatina aukeranUrtero bezala hiru pegatina izanen dira tabernetan, bakoitzak gehien identifikatzen dena aukeratu dezan. Mezuak, ondokoak: "Gau honetan maiteko zaitut", egun bateko harremana nahi duenarendako; "Bikotea nahi dut", erlazio iraunkorra bilatzen duenarendako; eta "Edozertarako prest", edozein jarduera edo erlaziotara zabalik dagoenarendako. Jakina, beste elementu batzuk ere izanen dira eskura: gorputzetik miazkatzeko esnegain harrotua, ahoz aho pasatzeko izotzak...Errespetua, beti"Antolatutakoetan ongi pasatzeko deia egiten dugu. Jaiaren xedea ligatzea da, azalak azalen kontra maitatzeko gaua izatea, baina hori bai, beti bestearenganako erabateko errespetuan oinarrituta. Olagarrorik ez Etxarri Aranatzen, eskuluzeak kanpora!" azpimarratzen dute antolatzaileek. "Ligatzeko gaua mahai gainean jarri dugu, erabakia.... zuen esku!" diote antolatzaileek.