Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Berriki Urrezko Aizkolarien Kopa irabazi eta gero, erronka berria du Floren Nazabalek: Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketaren finala bereganatzea. Lehiaketa ofizialei dagokienez, hauxe da urteko herri-kirol ekitaldirik garrantzitsuena. Aipatu finala igandean jokatuko da, azaroaren 23an, 12:00etan, Amurrioko pilotalekuan, dohainik. Ondoko aizkolariak lehiatuko dira, hain zuzen ere abuztuan Araian finalerako txartela lortu zutenak: Floren Nazabal, Juan Jose Lopez, Luis Txapartegi, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti eta Daniel Vicente. Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu beharko dituzte. Floren Nazabal da txapela janzteko faborito nagusia, are gehiago sasoi betean dagoela kontuan hartuta eta iaz txapela irabazi zuenez, egungo txapelduna delako. Etxarriarrak primerako denboraldia egin du. Berriki Nafarroako Lehen Mailako Aizkora txapelketa eta Urrezko Aizkolari Txapeldunen Kopa irabazi ditu, eta laugarrenez Urrezko Aizkolari Txapelketa. Baina arerioak ez dira nolanahikoak. Olasagastik, Juan Jose Lopezek eta Txapartegik Nazabali ez dizkiote gauzak erraztuko, eta etxarriarrak lan handia egin beharko du txapela Etxarri Aranatzera ekarri nahi badu. Nazabalek Gara egunkarian esan duenez, sasoi onean heldu da finalera. "Nik nire lana egiten badut eta ezer txarrik ez badut, ongi ibiltzea espero dut. Nire helburua irabaztea da eta horretara joango naiz, baina besteak ere ez dira geldirik egongo, eta irabazi behar duenak lana egin beharko du" adierazi du Etxarriko aizkolariak. Nazabalek uste du finala oinbikoetan erabakiko dela. "Handik alde apur batekin ateraz gero, irabazteko aukera handia izaten da" azaldu du etxarriarrak, hasieratik denok erritmo bizia jarriko dutela gaineratuz.