Nagusitasunez, Floren Nazabal Euskal Herriko txapeldun

Guaixe 2008ko azaroaren 23a

Ez zuen hutsik egin atzo Amurrion Floren Nazabalek. Aurreikuspen guztiek etxarriarra jotzen zuten Euskal Herriko txapelketa irabazteko faborito eta espero zen maila eman zuen 39 urteko aizkolari sakandarrak. 450 ikusleren aurrean, hasiera-hasieratik aurre hartu zien Iñaki Azurmendi, Juan Jose Lopez, Luis Txapartegi eta Daniel Vicenteri. 17. finala zen etxarriarrarendako eta laugarren aldiz, berarendako izan zen txapela. Urrezko Aizkora, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Kopa eta Nafarroako Lehen Mailako Aizkora txapelketa irabazi ostean, txapelketa garrantzitsuenarekin borobildu du urtea.Etxarriarra hasieratik aurretik12 pago-enbor zituzten mozteko: lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Ziztu bizian ekin zioten lanari 6 finalistek. Aurreneko enborretan etxarriarraren erritmoari eutsi zion Lopezek. Batera moztu zuten biek bigarren kana-erdikoa. Baina oinbikoetatik aurrera atzean geratu zen lezaundarra. Olasagastik eta Azurmendik egin zuten orduan gora, baina, beti ere, Nazabalen garaipena arriskuan jarri gabe. Txapertegi eta Vicente atzean geratu ziren hasiera-hasieratik. 17 minutu eta 8 segundoko denboran egin zituen Nazabalek lan erdiak. Atzetik zuen Olasagasti 18:31ko denborarekin. Azurmendi, Lopez, Txapartegi eta Vicentek atzeragotik jarraitzen zuten. Garaipena eskura zuela ikusita, etxarriarrak nahiko izan zuen bereari eustearekin. 38 minutu eta 35 segundotan despeditu zituen Floren Nazabalek lan guztiak, iaz baino 27 segundo gutxiagotan. Lehen postua erabakita, bigarren eta hirugarren postuen lehiak bereganatu zuen ikusleen arreta. Erritmoari eutsita, bigarrena izan zen Olasagasti, 42:06ko denborarekin. Azurmendi eta Lopez zein baino zein aritu ziren hirugarren postuaren bila. Azkenean, 8 segundoko aldearengatik, Azurmendirendako izan zen saria, 43:10eko denborarekin. Txapartegi eta Vicente izan ziren azkenak. Nazabal pozik "urteko garaipenik handienarekin" Etxarriko aizkolaria oso gustura zegoen probaren amaieran. Gerriko minak ez zuen finalaz gozatzen utzi, baina inork baino hobeki zekien txapela irabazteko sufritu beharra zegoela, "txapela ez da sekula erraz irabazten" adierazi zuen. Oinazearekin ere, txapeldun handia dela agerian utzi zuen etxarriarrak. Urte ona izan da aurtengoa berarendako: Urrezko Aizkoraren garaipenarekin hasi zuen urtea eta atzetik etorri ziren Urrezko Aizkolarien Kopa eta Nafarroako Txapelketa ere. Baina "urteko ekitaldirik garrantzitsuena" geratzen zitzaion. Atzoko garaipenarekin denboraldia borobildu du Etxarriko aizkolariak.