Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kirolari handien harrobi da Etxarri Aranatz. Bertakoa da gaur gaurkoan areriorik ez duen aizkolaria, Floren Nazabal; bertakoak dira beren jaurtiketa bortitzekin Euskal Herriko txoko guztietako pilotazaleak zutik jartzen dituzten pilotariak ere: Oskar Lasa eta Aitor Zubieta; eta mundu osoko txirrindulari onenekin batera lasterketarik ezagunetan ere ez da etxarriarrik falta: bertan izan ditugu azken urtetan Egoi Martinez eta Gorka Verdugo. Horiek dira Etxarriko kirolari ezagunenak, baina badira beste batzuk ere. Juanjo Erdoziak, esaterako, urteak daramatza aizkoran duen guztia ematen. Zalantzarik ez dago 2.500 biztanleko herrian maila horretako kirolari profesionalak izatea gauza handia dela. Iritzi horretakoak dira Etxarri Aranazko Harzabal elkarteko kideak. Horregatik herriko kirolari ezagunenendako omenaldia antolatu dute Euskadiko Kutxaren laguntzarekin. "Herrian maila horretako kirolariak izan eta inoiz ez zaie inolako omenaldirik egin. Hutsune hori ikusita antolatu dugu ekitaldi hau" esan digu Carlosek, zuzendaritzako kideak, "espero dugu ez dela azkena izanen" gaineratu du. Floren Nazabal, Oskar Lasa, Aitor Zubieta, Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta elkarteko bazkide Juanjo Erdozia izanen dira omenduak. Gaueko 21:00etarako egin du deia Harzabal elkarteak. Kirolari, elkarteko kide eta herritarrak bilduta, hasiera emanen diote ekitaldiari elkarteko 1. solairuan. Kirolariek elkartearen oroigarria jasoko dute. Ekitaldiaren oroigarri, elkarteak omendutako kirolarien argazkiak eskegiko ditu haien sinadurekin. Kirolarien omenezko aurreskuak itxiko du ekitaldia. Ondoren, afarian bat eginen dute kirolariek, elkarteko kideek eta omenaldiarekin bat egin duten herritarrek. 60 lagun bilduko dira denera.