Nazabal eta Mugerza II.a sartuko dira lehian

Guaixe 2008ko abenduaren 19a

Abian dago Egur Sport enpresak antolatutako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa-Eusko Label Sari Nagusia. Urrezko mailan 7 biko ariko dira, bi multzotan banatuta. B multzoan Floren Nazabal etxarriarrak Ugaitz Mugerzarekin osatu du bikoa, eta bihar sartuko dira lehian, eguerdian, Mutrikun, Jose Mari Olasagasti eta Luis Txapartegiren kontra. Multzoko hirugarren bikoa Anjen Arrospidek eta Iñaki Azurmendik osatzen dute. Denek elkarren kontra ligaxka jokatuko duten eta onenek eginen dute aurrera. A multzoan lau biko daude, tartean iazko txapeldun Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa. Txapeldunak sendo daudela erakutsi zuten igandean Donezteben, Miel Mindegia eta Antonio Senosiain menpean hartu baitzituzten. Akaso Nazabal eta Mugerza dira faboritoak biharko lehian, baina Olasagastik eta Txapartegik gauzak asko zailduko dizkiete. 6 lan egin beharko dituzte: 45 ontzakoa kolpeka moztea; 60 ontzakoa zutik moztea, txanda librean; aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa erlojuz kontra moztea; 45 ontzako enbor bat zutik eta bestea etzanda moztea; abiadura proba, 60 ontzako bi menbor ebakitzea; eta lanerdia, hau da, bi 45 ontzako, bi 60 ontzako eta kanaerdiko bi enbor txanda librean moztea. Ea zer moduz hasten duten txapelketa Floren Nazabalek eta Ugaitz Mugerzak.