Egoitza handitua igandean mustuko dute jubilatuek

Guaixe 2008ko abenduaren 18a

Gure Ametsa jubilatuen udal elkarteak igandean mustuko du bere egoitza berria. Ordu batean jarri dute hitzordua. Elkarteko bazkideek eta interesatu guztiek egoitza berria nolakoa den ezagutzeko balioko du igandeko mustutze ekitaldiak. Halako ospakizunetan ohi denez, ez da jatekorik faltako.Gure Ametsa elkarteko zuzendaritzak udalari egoitza handitzeko eskaera egin zion, "txiki" gelditzen zitzaielako. Udalak oniritzia eman eta gero, uda ondoren hasi ziren jubilatuen udal elkartea zabaltzeko lanak. Lehendik zuen espazioari garai batean frontoiko taberna eta gutxira arte gimnasioa izandako gela batu zaio. Hala, jubilatu elkarte berriak eraikuntzaren zabalera osoa hartzen du, Kale Nagusitik Larrainetaraino. Lanen aurrekontua 88.000 euro ingurukoa zen. Etxarri Aranazko Udalak 10.000 euro bideratu ditu lanetara. Nafarroako Gobernuak aurrekontuaren %60a estali du eta Gure Ametsa elkarteak gainerakoa estaltzeko baliabideak bilatzeaz arduratu da.