Elkarbizitzari buruzko antzezlana gaur Etxarrin

Guaixe 2008ko abenduaren 19a

Gene Sacks-en La extraña pareja komedia ospetsuan oinarritutako antzezlana ekarriko du gaurkoan Txalo Produkzioak konpainiak Etxarri Aranatzera. Ate joka antzezlanaren antzezpena 22:00etan hasiko da. Taula gainean elkarbizitzaren inguruan ariko dira aktoreak. Izan ere, bikoteen arteko elkarbizitza ez da sekula erraza izan. Nolakoa izanen da lagun onenarekin? Nolakoa da etxean ate joka datorren laguna? Eskenatokian bi lagunen arteko elkarbizitza kontatzen da. Joxemari, dibortziatua eta bizitzako bizio guztien zalea, etxean bakarrik bizi da. Andrex, bere lagun mina, ezkondua dago, baina dibortziatzekotan da. Maniatikoa, garbizalea eta obsesiboa da Andrex. Elkarbizitzak egoera komiko eta dibertigarriak, tristeak eta mingarriak azalaraziko ditu jendaurrean.Ritxi Lizartzak itzuli eta egokitu du Ate joka antzezlana. Hura eskarmentu zabala duten aktoreek jokatuko dute: Iker Galarza, Joseba Usabiaga eta Sara Cozar. Guztiek Begoña Bilbaoren esanetara eginen dute lan. Elkarbizitzaren inguruko erantzunak nahi dituenak Txaloren eskutik jasoko ditu, gaurkoan, Etxarri Aranazko kultur etxean. Gaurkoa Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Kultur Zirimolaren barne antolatutako ikuskizuna da.