Jubilatuen egoitza handitua txiki geratu zen mustutze egunean

Guaixe 2008ko abenduaren 23a

Gure Ametsa jubilatuen udal elkarteak igandean mustu zuen egoitza berritua. Hiru hilabeteko lanen ondoren, dimentsio berriak ageri zituen elkarteak, eraikinaren zabalera guztia hartuta. Egoitza handituta ere, mustutze ekitaldira bertaratu ziren elkarteko kide guztiek txiki utzi zuten elkartea.     Ekitaldi jendetsuaOrdu batean zuten hitzordua jubilatuek, baina ordurako leporaino beteta zegoen egoitza. 200 lagunendako tokia egin zuten mahaitan, baina asko izan ziren mustutze ekitaldia zutik jarraitu behar izan zutenak. Udaleko ordezkariak eta jubilatuen elkarteko zuzendaritzako kideak buru zirela, egoitzako eremu berriaren bedeinkapenak ireki zuen ekitaldia. Ondoren, elkarteko lehendakari Pedro Lizarragak hartu zuen hitza. Lehendakariak esker hitzak izan zituen proiektua posible egin duten guztiendako, Etxarriko Udalarendako eta Nafarroako Gobernuarendako bereziki. Berritze lanetan lagundu duten guztiei ere esker onak eman zizkien. Egoitza mustuta, jubilatuendako zer janik ez zen falta izan. Ospakizuna bukatu aurretik, Nafarroako Kutxak, Euskadiko Kutxak, Caixak eta Kutxak emandako 20 opari zozketatu zituzten elkarteko kide guztien artean. Bi bulego berri eta balio anitzeko espazioa295 kide ditu Etxarri Aranazko Gure Ametsa elkarteak. Egun arruntetan orain arteko egoitzarekin nahikoa bazuten ere, "ospakizun berezietan txiki geratzen zitzaigun lekua" adierazi zuen elkarteko lehendakari Pedro Lizarragak.  Aldamenean zegoen udalaren gimnasioa hartuta, eraikinaren zabalera guztia hartzen du orain egoitza berriak, Kale Nagusitik Larrainetaraino. Gehitutako eremuan bi bulego berri egin dituzte. "Horietako batean podologo zerbitzua jartzeko lanean ari gara. Bestean, berriz, informatika nahiz bestelako ikastaroak ematea aztertzen ari gara" azaldu zigun elkarteko idazkari Bittori Muguruzak. Eremu berriaren zatirik handiena orain arteko egoitzarekin bat egiten duen espazio irekiak hartzen du. Ate irristatzaile batek banatzen ditu bi atalak, nahi denean batu nahiz bereizi ahal izateko. "Espazio berri horrek ikastaro edo hitzaldi asko antolatzeko aukera ematen digu" gaineratu zuen Bittorik. Handitze lanekin batera aire egokitua jarri dute egoitzan eta galdara berria jarri dute. Egitasmo berri ugari ditu zuzendaritzak eta, egoitza berrituta, horiek antolatzeko aukera izanen dute aurrerantzean.