Nazabal eta Mugerzaren lehen garaipena

Guaixe 2008ko abenduaren 23a

Larunbatean Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen Mutrikun, B mailako bi kontrarioren artean. Horrela, Nazabalek eta Mugertza II.ak Olasagasti eta Txapartegi izan zituzten aurkari. Sei lan egin behar zituzten guztira: 45 ontzakoa kolpeka moztea; 60 ontzakoa zutik moztea, txanda librean; aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa erlojuz kontra moztea; 45 ontzako enbor bat zutik eta bestea etzanda moztea; abiadura proba, 60 ontzako bi menbor ebakitzea; eta lanerdia, hau da, bi 45 ontzako, bi 60 ontzako eta kanaerdiko bi enbor txanda librean moztea. Aurreikusten zen bezala azkarrenak Floren Nazabal eta Mugertza II.a izan ziren, lan guztiak egiteko 22:47ko denbora behar izan baitzuten. Aldiz, Olasagasti eta Txapartegik 24:06an geratu zuten erlojua. Ilbeltzeraino atsedenaGaraipen horri esker Nazabal eta Mugertza II.ak hiru puntu pilatu dituzte B multzoan. Galdu eta gero Olasagasti eta Txapartegik ez dute punturik, eta multzo horretako azken bikoa - Anjel Arrospide eta Iñaki Azurmendi - oraindik lehiatu ez denez, ez dute punturik. Ligaxkako hasiera honetan talde guztiak elkarren kontra ariko dira eta onenek eginen dute aurrera. Oraindik ez dago data zehaztuta, baina Nazabal-Mugertza II.a eta Arrospide-Azurmendiren kontrako lehia ilbeltzean jokatuko da. Hortaz, badute nahikoa tartea txapelketa ongi prestatzeko.