Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko Udalak hilaren 15ean egindako bilkuran erabaki zuen zertara bideratuko duen Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsetik jasoko dituen 433.621 euroak: Mojena zen eraikina egokitu, Utzubarko saneamendu kolektorea eta plazako zoruaren egokitzapena. Funtseko dirua lanetara bideratuko luke udalak. Haien egitasmoak Nafarroako Gobernuaren lau urteko diru-laguntzen erabilera libreko diru-sailaren bidez finantzatu nahi lituzke udalak. Etxarri Aranazko Udalaren aurreneko asmoa da Mojen ikastetxea hartzen zuen eraikina egokitzea herriko taldeek erabil dezaten. Horretarako berogailua jarri, azpiegitura elektrikoa berritu, eraikina suteen legedira moldatu eta komunak eta sarbideak egokitu. Hala, behe solairuan sarrera, kontrola eta azpiegituren gelak kokatuko lirateke eta lehen eta hirugarren solairuak herriko taldeek erabiltzeko moduan geldituko lirateke lanak despeditu ondoren. Horrek guztiak 123.839 euroko aurrekontua izanen luke. KolektoreaEborko Ur Konfederazioak Etxarri Aranazko Udalari eskatu zion Utzubar industrialdeko saneamendu sarea araztegiarekin lotu behar zuela. Etxarriko araztegiarekin altuera mailak arazoa sortzen zuenez Arbizuko industrialdeko saneamendu sarearekin lotzea eta handik ur zikinak Lakuntzako araztegira eramatea egoki jo zuen udalak. Aurretik Arbizu eta Etxarri Aranazko udalek egitasmoa gauzatu ahal izateko hitzarmena sinatua zuten. Kolektorea egitea 152.996,89 euro balioko luke. PlazaEtxarri Aranazko Udalaren asmoa da plazaren iparraldean, zorua latzagoa den tokian, oinezkoendako bi pasealeku egitea. Udaletik azaldu digutenez, "horrela oinez ibiltzeko zailtasunak dutenak errazago ibiliko dira plazaren luzera guztian, harlauza lau eta irristagaitzak jarriko baitira". Horrekin batera, Etxarri Aranazko Udalak plazako haurren jolas parkean dauden trabesak kendu nahi ditu "erortzeko arriskua sortzen dutelako eta oso irristakorra delako". Lan horiek egiteko udalak estatuaren funtsetik 152.996,89 euro bideratuko lituzke.