Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko herritar talde batek manifestazioa deitu du igandean, otsailaren 1ean, Hodei Ijurko gaztearen kontrako epaiketa arbuiatu eta fiskalak gazteari eskatzen dion 38 urte eta erdiko espetxe zigor eskaera salatzeko. Bilkura Etxarriko plazatik abiatuko da, igandean, 19:00etan. Manifestazio bera egun bat lehenago, larunbatean, eginen da Iturraman, 18:00etan. Hodei Ijurko 2008ko martxoaren 8tik 9rako gauean atxilotu zuten foruzainek Iruñean, hauteskunde bezperan. Polizia iturriek zabaldutakoaren arabera, Iruñeko Alde Zaharrean zainketa lanak egiten ari zen Foruzaingoaren furgoneta bati molotov koktelekin eraso zioten, eta Ijurkoren atxiloketa gertakari horren ondoren jazo omen zen. Espainiako Audientzia Nazionaleko 3. Instrukzioko epaile Fernando Grande-Marlaskak haren espetxeratzea agindu zuen, besteak beste, ondokoa leporatuz: Segiko kidea izatea, eta, ondorioz, erakunde terroristako partaide izatea; atentatu terroristan parte hartzea; lehergailuak izatea, eta txikizioak eragitea. Hodei Ijurkok akusazioak ukatu egin zituen eta epailearen aurrean deklaratzeari uko egin zion. Gainera, gogoratu behar da, atxilotu zutenean Hodei ospitalera eraman behar izan zutela, buruan zuen zauria ixteko. 9 puntu eman behar izan zizkioten. Eskatutako zigorra, "eskandalagarria"Etxarri Aranazko bizilagun talde batek prentsaurrekoa eman zuen, eta gaztearen kontra fiskaltzak eskatzen duena "eskandalagarria dela" adierazi zuten. "38 urte eta erdiko kartzela zigor eskaerak ez du ezer justiziatik ez justizia nahitik. Zigor eskaera hori erabaki politiko garbi baten ondorioa da" nabarmendu zuten. Gogoratu zuten foruzainek ordura arte ez zutela inor Madrilen esku utzi, eta hortaz, "errepresioan foruzainek egiten zuten pauso berri bat" izan zela hura. "38 urte eta erdiko zigor eskaerarekin beldurra sortu eta autoritate kolpe bat eman nahi dute foruzainek. Epaiketa honekin errepresio gogorrena erabiliko dutelako mezua helarazi nahi diote herritargoari, ez besterik. Bestela ez da ulertzen kale borroka ekintza batengatik 38 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzea. UPNren apustua izan da estatuen errepresioarekin bat egitea" azaldu zuten. Prentsa aurrean azaldu zirenak gaineratu zuten Hodei "proba-mutil gisa darabiltela, bortizki atxilotuz, kartzelan jipoituz, Galiziako Curtisera eramanez, isolamendu moduluan bederatzi hilabetean edukiz... eta otsailaren 5ean egingo dioten epaiketan 38 urte eta erdi eskatuz". Horregatik, "epaiketa fartsa hori" salatu nahi dute eta manifestazio deialdia egin dute, igandean Etxarri Aranatzen, eta larunbatean Iturraman, "Epaiketa fartsarik ez! Hodei askatu" lelopean. Sakandar guztiei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.