Gaurkoa udal idazkariaren azken lan eguna

Guaixe 2009ko urtarrilaren 30a

Ia 25 urte eman ditu Jesus Mari Llorens Garciak Etxarri Aranazko idazkari postuan. Behin-behineko postuarekin 1984ko azaroan hasi zen Etxarrin lanean. Hurrengo urteko martxoan lortu zuen plaza eta gaur arte. Etxarri utzi eta Berriobeitin hasiko da lanean lekualdaketa deialdi baten bidez hango plaza lortu baitzuen. Bere ibilbidean Jesus Marik zortzi alkate ezagutu ditu (Miguel Angel Goñi, Fernando Salinas, Manolo Campos, Juan Cruz Aldasoro, Fernando Flores, Juan Bautista Mariñelarena, Iraitz Goñi eta Maider Goñi). Bera joan eta gero Etxarri Aranazko Udala hiru astez idazkaririk gabe geldituko da. Behin-behineko idazkaria aukeratzeko hauta-probak otsailaren 12 eta 13rako deitu ditu udalak eta ondoren kargua hartzeko aste bat izanen du interesatuak. Idazkari berriak 6 hilerako kontratua izanen du eta ondoren luzatu eginen diote, Nafarroako Gobernuak plaza atera arte. Duela hiru bat urte deialdi bat egin zuen gobernuak hainbat herritako idazkari lanpostuak emateko. Baina hainbat helegite aurkeztu ziren eta gaia gaur egun Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eskuetan dago.