Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jakina denez, Aitor Zubietak mina hartuta dagoen Laskurainen tokia hartuko du Binakako Txapelketan. Etxarri Aranazko atzelaria Xalarekin batera lanean aritzeko irrikan dago, eta aurkari gogorrak izanen dituzte: Bengoetxea VI.a eta Beloki. Zubietaren ustez "oso partida konplikatua" izango da igandean Eibarko Astelenan jokatuko dena, ETB 1-ek zuzenean eskainia. Ildo horretan, laukoteak bihar goizeko 11:30ean eginen du pilota aukeraketa Astelenan. Aitor Zubieta sasoi betean dago. Entrenamenduz aldatu du etxarriarrak. Irailera bitartean Uharte Iruñean entrenatzen zuen Aritz Altadillen aginduetara, baina irailean Iñaki Arratibel entrenatzaile tolosarrarekin hasi zen lanean. Arbizuko kiroldegian entrenatzen du Zubietak, bakarrik, eta bospasei egunetik Arratibelek errebisatzen du atzelariak egindako lana. Gehiago lantzen ditu ariketa aerobikoak, gehiago mugitzen da, eta pisu gutxiagoko pisuekin lan egiten du, baina gutxi, erresistentzia muskularra gomekin lantzen du gehiago. Horrela, pisua galdu du eta azkartasuna irabazi, pilota kolpea galdu gabe. Beraz sasoi betean dago etxarriarra, eta espero dezagun txapelketan debut ona izatea, bertan lehiatzeko "irrikan" baitago.