Nazabalek eta Mugertza II.ak Larretxea eta Atutxa II.a arerio finalerdietan

Guaixe 2009ko urtarrilaren 30a

Egur Sport enpresak antolatutako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa-Eusko Label Sari Nagusiko ligaxka asteburuan despeditu zen, elite mailan. Urrezko mailan zazpi biko aritu dira lehiatzen, bi multzotan banatuta, denak elkarren kontra, eta igandean, Mallabian, B multzoko Floren Nazabal eta Ugaitz Mugertzak Arrospide eta Azurmendi izan zituzten aurkari. Bi bikoak Olasagasti eta Txapartegi irabaztetik zetozen, eta hortaz, bazekiten finalerdietarako sailkatuta zeudela, baina hala ere gogotik jokatu zuten, multzoko lehen postua eta finalerdietan noren kontra aritzea baitzegoen jokoan. Izan ere, A multzoan lanak despedituta zeuden: Lehenak Larretxea eta Atutxa II.a sailkatu ziren, eta bigarrenak Arria V.a eta Rekondo. Bidean geratu ziren Lopez Azpilikueta-Vicente eta Mindegia-Senosiain. Paretsu baina gipuzkoarrak finagoNahiz eta Mallabiako jaialdirako Nazabal eta Mugertza II.a faborito izan, Arrospide eta Azurmendirekin nahiko pareko aritu ziren hasieran. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu, Etxarrikoa eta Mutrikukoa gailendu ziren, enborra 33 kolpetan erdibitu baitzuten, eta arerioek 38tan. Txanda librean 60 ontzakoa zutik erdibitzen azkarrenak Arrospide eta Azurmendi izan ziren (2:25), besteek 2:28an egin zutelarik. Hirugarren lanean erlojuz kontra neurtu ziren, bakoitza 45 ontzakoarekin, eta bi bikoek denbora bera egin zuten: 1:25. Laugarren lanean 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda moztu behar zituzten, eta gipuzkoarrak izan ziren nagusi (1:47), Nazabal eta Mugertzari 2 segundoko tartea atereaz. Azken aurreko lanean 60 ontzakoa etzanda moztu behar zuten eta atzera ere gipuzkoarrak nagusitu ziren, kontrarioei 11 segundoko tartea atereaz. Eta azken lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako lanean, Nazabal eta Mugertza nagusitu ziren (9:15). Aurkarien denbora 9:19koa izan zen. Lan guztiak batuta, 19:25 behar izan zituzten Arrospidek eta Azurmendik, eta Nazabalek eta Mugertzak 19:32. Hortaz, Arrospide eta Azurmendik lortu zuten elite mailako B multzoko lehen postua eta finalerdietarako norgehiagokak erabakita geratu ziren.  Igandean, LegutionBinakako Urrezko Txapelketako finalerdiak asteburuan abiatuko dira. Lehen finalerdian Nazabalek eta Mugertza II.ak sasoi betean dauden eta egungo binakako txapeldunak diren Larretxea eta Atutxa II.a izanen dituzte arerio. Arerio gogorrak. Norgehiagoka igandean jokatuko da, otsailaren 1ean, 12:30ean, Legution. Irabazten duenak finalerako txartela lortuko du, eta hortaz, lehia bizia aurreikusten da. Faboritoak Larretxea eta Atutxa II.a dira, baina Nazabalek eta Mugertza II.ak ez dute amore emango. Nolanahi ere, gogotik egin beharko dute lana egungo txapeldunak irabazteko. Beste finalerdia otsailaren 7an jokatuko da Uharte Arakilen, Nafarroa Oinezek antolatuta. Arrospide eta Azurmendi Arria V.aren eta Rekondoren kontra ariko dira. Vazquez eta Amillano, gazteen txapelketatik kanpoGazteen mailako Binakako Urrezko Aizkoran, sei bikote ari dira lehian bi multzotan banatuta. Iñaki Vazquez "Sakana" eta David Amillano altsasuarrak B multzoan lehiatu dira, Ruben Saralegi-Ander Olano eta Ander Erasun-Julen Kañamares taldekideekin batera. Erasun eta Kañamares finalerdietarako sailkatuta daude gainontzeko bi bikoak menpean hartu eta gero, eta eurekin batera nor sailkatuko zen erabaki zen igandean Araian. "Sakanak" eta Amillanok Saralegi eta Olano izan zituzten aurkari, eta jokatutako proba guztietan gailendu ziren bigarrenak. Sakandarrak lan txukuna egiten saiatu ziren baina kontrarioen nagusitasuna nabarmena zen, eta hortaz, txapelketatik kanpo geratu dira, ez baitira finalerdietarako sailkatu. Bestalde, gazteen mailako A multzoan dabilen eta Sakanako aizkora eskolan hezten ari den Arkaitz Jauregi arabarrak Segoviako Rodriguez II.arekin osatu zuen bikoa igandean Araian, Garikoitz eta Oihan Larretxearen kontra aritzeko. Larretxeatarrak izan ziren garaileak. A multzoan Larretxeatarrak dira buru, 6 punturekin eta beste bi bikoek - Jauregi-Rodriguez II.a eta Mugertza-Alkizalete - ez dute punturik. Hortaz, bi bikoen arteko lehiak erabakiko du nor pasako den finalerdietara. Aipatu lehia igandean jokatuko da Legution, elite mailako finalerdiarekin batera.