Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Binakako Urrezko Txapelketako elite mailako lehen finalaurrekoa jokatu zen atzo Legution, eta aurreikusi moduan egungo txapeldun Donato Larretxeak eta Atutxa II.ak lortu zuten finalerako txartela, Floren Nazabal etxarriarrari eta Ugaitz Mugertzari irabazi eta gero. Guztira 6 proba jokatu zituzten eta zaletu askok parekotasun gehiago izango zela uste bazuten ere, Larretxea eta Atutxa II.a izan ziren proba guztien garaile. Lan guztietan izan ziren nagusi45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan mozteko proban, Larretxeak eta Atutxak 33 kolpetan erdibitu zuten eta Nazabalek eta Mugertza II.ak 36 kolpetan. Jarraian txanda librean 60 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, Larretxea eta Atutxa nagusitu ziren berriro (2:32), aurkariei 10 segundoko tartea atereaz. Hirugarren proban, bi 45 ontzako erlojuz kontra mozteko lehian, 1:45ekoa izan zen Larretxearen eta Atutxaren denbora eta zazpi segundo gehiagokoa Nazabalena eta Mugertza II.arena. Ondoren 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda moztu behar zituzten, eta berriro ere Larretxea eta Atutxa izan ziren nagusi (2:04), beste 10 segundo atereaz etxarriarrari eta gipuzkoarrari. Azken aurreko lanean bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten, eta atzera ere egungo txapeldunak gailendu ziren (4:31), Nazabali eta Mugertzari 12 segundo kenduaz. Eta bukaerako lanean bi 45 ontzako, bi kanaerdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar zituzten txanda librean, eta hor ere Larretxea eta Atutxa gailendu ziren (9:54), arerioei 18 segundo atereaz. Beste finalerdia Uharte Arakilen, larunbateanLan guztiak egiteko 21 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxak, eta 22 minutu eta 17 segundo Nazabalek eta Mugertzak. Hortaz, etxarriarra eta gipuzkoarra txapelketatik kanpo geratu dira eta Larretxeak eta Atutxa II.ak lortu dute otsaila akaberan jokatuko den finalerako txartela. Beste finalerdia larunbatean erabakiko da, otsailaren 7an, Uharte Arakilen, Nafarroa Oinezek antolatuta. Larrabieta pilotalekuak hartuko du ekitaldia, 17:00etatik aurrera. Arrospide eta Azurmendik Arria V.a eta Rekondo izanen dituzte arerio. Lehia handia espero da bi bikoak sasoitsu baitaude. Beste finalerdian bezalaxe guztira 6 proba osatu beharko dituzte. Bestalde, aipatzekoa da elite mailako atzoko finalerdiarekin batera gazte mailako kanporaketa jokatu zela. Sakanako aizkora eskolan aritzen den Arkaitz Jauregi arabarrak Segoviako Rodriguez II.arekin osatu zuen bikoa, Mugertza II.aren eta Alkizaleta II.aren kontra egiteko, eta lehenak nagusitu ziren (16:49), arerioei minutu eta pasako aldea atereaz (18:04). Atzoko garaipenarekin Jauregik eta Rodriguez II.ak finalerdietara sailkatzea lortu zuten. Erasunen eta Kañamaresen kontra jokatuko dute, otsailaren 15ean, 12:00etan, Arabako Bovedan. Gazte mailako beste finalerdia Uharte Arakilen jokatuko da larunbatean, elite mailako beste finalerdiarekin batera, eta kasu honetan Larretxea lehengusuek Saralegi eta Olano izanen dituzte aurkari.