Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskuz binakakoan, Laskurainen tokia hartu zuen atzo Aitor Zubieta etxarriarrak, Xalarekin batera Bengoetxea VI.ari eta Belokiri aurre egiteko. Eibarko Astelenan giro polita izan zen eta makina bat pertsonak jarraitu zuten norgehiagoka ETB 1 katearen bitartez. Nahiz eta Aitor Zubietak maila bikaina erakutsi, ez zuen Xalaren laguntza handirik jaso eta Bengoetxeak eta Belokik erraz irabazi zuten txapelketako euren bigarren puntua, 22-15 irabazita. Aurtengo Eskuz Binakakoan debutatu zuen Aitor Zubietak, eta lan bikaina egin zuen. Ruben Belokik sekulako lana egin behar izan zuen Zubietaren pare egoteko, eta askotan Zubietak oso estu hartu zuen burlatarra. Atzelari etxarriarrak pozik egoteko moduko neurketa egin zuen, baina ez zen Xalaren eguna izan eta etxarriarrak ez zuen atzoko lan bikaina garaipen batekin biribiltzeko aukerarik izan. Partida oso gogorra izan zen hasieratik, eta nahiko paretsu izan zen hasieran. Tanto luzeak jokatu zituzten partidan erabat sartuta zeuden lau pilotariek. Baina hasiera dotore horren ostean, Xalari pattalaldi fisikoa heldu zitzaion eta honek ezin izan zion Oinatz Bengoetxearen erritmoari eutsi. Urduritasun horrek huts asko egitera bultzatu zuen, eta 15-10eko aldea atera zuten Bengoetxeak eta Belokik. Handik aurrera, Xalak beste nerbio batekin jokatu zuen, Bengoetxeari lotsagabe jokatuz, eta Zubietaren laguntza paregabearekin 16-14 hurbildu ziren markagailuan Xala eta Zubieta. Atzeko koadroetan sekulako lehia dotorea zegoen, Zubieta eta Beloki bikain baitzeuden, baina Bengoetxeak berdintasuna bere aldera eman zuen, bere sotamanoek min handia egin baitzien kontrarioei, Xala menpean hartuz. Horrela, 22-15 galdu zuten Xalak eta Zubietak. Hurrengo arerioak, Aimar eta MendizabalGaldu eta gero, Xala eta Laskurain hurrengo fasera igotzeko ia aukera matematikorik gabe gelditu dira. Bengoetxeak eta Belokik oraindik oso zail dute pasatzea, baina aukera matematiko onagoak dituzte. Nolanahi ere, larunbatean, hilak 7, Tafallan, Xalak eta Laskurainek Olaizola II.a eta Mendizabal II.a izanen dituzte arerio. Oraindik ez dakigu Laskurain jokatzeko moduan egonen den, edo atzera ere Zubietak ordezkatuko duen. Badirudi Laskurainen eskuinak hobera egin duela, baina bi entrenamendu egin nahi ditu jokalariak, jokatzeko moduan dagoen hala ez erabakitzeko.