Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean seiehun bat pertsonak manifestazioa egin zuten Etxarrin. Epaiketa fartsarik ez! Hodei askatu leloa zuen pankartak zabaldu zuen martxa. Mobilizazio horrekin ostegunean epaituko duten gazteari elkartasuna adierazi eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalaren "neurriz kanpoko" espetxe eskaera salatu nahi zen. Jakina denez, Ijurkorendako 38 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, iazko martxoan Foruzaingoak jasandako eraso batengatik. Zehazki zera leporatzen diote: Segiko kidea izatea, eta, ondorioz, erakunde terroristako partaide izatea; atentatu terroristan parte hartzea; lehergailuak izatea, eta txikizioak eragitea. Lagunek eta senideek Ijurkok dituen espetxe baldintzak salatzearekin batera, fiskaltzaren eskaera "eskandalagarria" salatu zuten. Konparazioa ere egin zuten, nabarmenduz Angel Berroeta hil zutenen kontrako eskariak batuta ere ez dela 38 urteetara heltzen. Etxarrin bezala, larunbatean, Iruñean ehunka pertsonak manifestazioan Hodei Ijurko Irozen askatasuna eskatu zuten.