Bikoteari tratu txarrak emateagatik gizona atxilotuta

Guaixe 2009ko otsailaren 4a

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, aurreko egunetan Foruzaingoak 38 urteko gizon etxarriarra atxilotu du. Nafarroako Gobernuaren arabera, gizonari bikotekideari tratu txarrak ematea egozten zaio. Nafarroako Gobernuak zabaldutakoaren arabera, foruzainak Etxarrira joan ziren herritar batek ohartarazi zielako aldameneko etxean tratu txarren kasua gertatzen ari zela. Biktimarekin gertakariak konprobatu eta gero, foruzainek gizona bilatu eta atxilotu zuten. Sexu indarkeria jasaten duten biktimendako aholkuak:- Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Foruzaingoaren larrialdi zenbakia 112 da.- Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu jazotakoa, eta laguntza eskatu.- Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.- Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.- Babesa behar izanez gero. Eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.-Informazio gehiago. Eguneko 24 orduetan eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.