Zubietak eta Xala Olaizola eta Mendizabal izanen dituzte arerio

Guaixe 2009ko otsailaren 6a

Eskuz Binakako Pilota Txapelketak aurrera darrai, finalaurrekoen aurreko lehen faseko ligaxkan. Asteburuan seigarren jardunaldia jokatuko da, eta min hartuta dagoen Laskurainen tokia hartuko du, atzera ere, Etxarri Aranazko Aitor Zubieta pilotariak. Xalarekin batera, arerio gogorrak izango dituzte: Aimar Olaizola eta Mendizabal II.a. Partida bihar jokatuko da, larunbatean, 19:30ean, Tafallako pilotalekuan. Ildo honetan, asteazkenean pilota aukeraketa egin zuten eta Aspekoek aukeratutako pilota batekin polemika izan zen. Asegarcekoek, Olaizolak eta Mendizabalek, pilota pisuagoak aukeratu zituzten, eta Aspekoek arinagoak. Olaizola eta Mendizabal ez zeuden konforme arerioek aukeratutako batekin, Ciprik aurkeztu zuen bakarrarekin hain zuzen. "Pilota gehiegizkoa da, sei t´erdian egin du botea eta hamar t´erdiraino joan da. Lotsa emateko moduko pilota iruditu zait, baina horiekin jokatu behar da eta jokatuko dugu. Gureak ederrak dira" adierazi zuen Aimar Olaizolak. Aldiz, Xala eta Zubieta kontentu zeuden aukeratutakoarekin. Aitor Zubietak adierazi zuenez, txapelketan aurrera egiteko zaila dute baina eurek egiten dutena Aspeko beste bikoteengan eragina izango duenez, dena ematera aterako dira. Oinatz Bengoetxearen eta Belokiren kontrako aurreko partidan maila ona eman zuen Aitor Zubietak eta sasoi bete aritu zen lehian, baina Xala ez zegoen bere onenean eta bikain aritu zen Bengoetxeak menpean hartu zuen. Xalak eta Laskurainek (orain Zubietak) ez dituzte aukera asko Binakako finalerdietan sartzeko, orain arte soilik partida bat irabazi baitute, baina hala ere dena ematera aterako dira Tafallan. Olaizola II.ak eta Mendizabal II.ak jokatutako bost lehietatik lau irabazi dituzte, eta hurrengo fasera pasatzea ziurtatzeko irabaztera aterako dira, eta hortaz, lehia bizia espero da. Azken horiek dira faborito, baina Xalak eta Zubietak itxura ona eman nahiko dute eta ikusi beharko da zer gertatzen den.