Xalak eta Zubietak ezustekoa eman zuten, Olaizola II.a eta Mendizabal II.a menpean hartuta

Guaixe 2009ko otsailaren 9a

Nahiz eta txapelketan aurrera egiteko aukera handirik ez izan, Xalak eta Zubietak, mina hartuta dagoen Laskurainen tokia hartuta, argi esana zuten dena ematera aterako zirela, eurek egindako lanak gainontzeko bikoteen egoeran eragina izanen zuelako, eta hala izan zen. Arerio oso gogorrak zituzten Xalak eta Aitor Zubieta etxarriarrak, partida irabazteko faborito argiak hain zuzen: Aimar Olaizola eta Oier Mendizabal. Partida larunbatean jokatu zen, Tafallako pilotalekuan, eta partida oso luzean ezustekoa emanez, 22-17 gailendu ziren Xala eta Zubieta. Oso partida luzea, gogorra eta landutakoa izan zen Tafallako Eretan jokatutakoa. Bereziki atzelarien arteko lehia izan zen larunbatekoa, eta Etxarri Aranazkoak akaso gehiago lan egin zuen, akats gutxiago egin zituen eta aurrelariari lana gehiago erraztu zion. Partida guztian barna ongi kokatuta egon zen Zubieta, demostrazio fisiko eta taktiko bikaina eginez. Zalantzarik gabe partidako onena izan zen. Egindako esfortzuaren ondorioz kalanbreak izan zituen bukaeran. Aldiz, Mendizabalek hasieran akatsak egin zituen, gero gora egin zuen eta lan asko egin zuen. Bere aldetik, Aimar Olaizola ez zen eroso aritu aurreko koadroetan, eta azkenean Mendizabalen lanean babestu zen. Aspekoen hasierako teknika pilotak atzera bidaltzea izan zen, Mendizabal eraso eta haren akatsak behartzeko, eta bide batez Xalak bikain errematatzeko pilotak jartzeko. Eta hala gertatu zen. Baina Aimar aurrean eraso ez zegoenez honek ere atzera bota zituen pilotak, azkenean atzelarien arteko lehia nagusituz. Eta Zubieta moldatu zen hobe. Aipatzekoa da eskuz binakakoan primerako debuta egin duela etxarriarrak, Laskurain gaizki jarri zenetik jokatutako bi partidetan lan bikaina egin baitu. Bere aldetik Xalak partida ona egin zuen. Material aukeraketan polemika eragin zuen Aspeko bikoak hautatutako pilota batek, Ciprirenak, eta hain zuzen ere pilota horrek bizi handia eman zien Aspekoei eta Asegarcekoak sufriarazi zituen. Nolanahi ere zaletuek izugarri disfrutatu zuten atzeraino joaten ziren pilotakadekin eta atzelariek pilotakada horiek erantzuteko egindako lanarekin. Berasaluze VIII.a eta Begino, hurrengo aurkariakEmaitza horrek, asteburuko seigarren jardunaldiko gainontzeko emaitzen moduan, txapelketako sailkapena erabat estutu du. Egun Olaizola II.-Mendizabal II.a eta Berasaluze VIII.a-Begino daude ligaxkako buruan, launa punturekin. Gonzalez-Barriola, Martinez de Irujo-Goñi III.a, Titin II.a-Pascual eta Bengoetxea VI.a-Beloki bikoteak datoz ondoren, hiruna punturekin, eta Xala-Laskurain (Zubieta) eta Olaizola I.a-Patxi Ruiz dira azkenak, bina punturekin. Asteburuan zazpigarren jardunaldia dago jokoan. Xalak eta Zubietak - Laskurain oraindik ez da osatu -   Berasaluze VIII.a eta Begino izanen dituzte arerio, ostiral gauean, Donibane Lohitzunen. Partida ETB1-ek emanen du zuzenean. Azken partidan emandako maila onak eta Xalak etxean jokatzeak bulkada emango dio biko honi, eta irabaztera aterako direla ez dago dudatan jartzerik. Berasaluze VIII.ak eta Beginok ere partida ikusgarria egin zuten asteburuan, eta sailkapenean goian daudenez irabazi eta finalerdietarako pasea lortu nahi izango dute. Eurak dira faborito nagusiak, baina Xalak eta Zubietak sorpresa eman zuten asteburuan eta beste sorpresaren bat emateko moduan izanen dira, akaso, ostiralean, galtzen badute finalerdietara pasatzeko aukera guztiak agortuko baitzaizkie. Ea zer gertatzen den.