Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa final-erdietara iritsi da dagoeneko. Joan zen larunbatean jokatu zen Tafallan lehen faseko azken kanporaketa. Lau final-erdiak amaituta, argitu da zein bertsolarik eginen duten aurrera. Kanporaketa bakoitzeko bi bertsolari onenek final-erditarako zuzeneko txartela lortu dute: Lehen kanporaketan, Auritzen, Aimar Karrika (188 puntu) eta Jon Barberena (187,5 puntu) izan ziren onenak. Bigarrenean, Igantzin, nabarmen nagusitu zen Julio Soto (199,5 puntu) eta haren atzetik sailkatu zen Iñigo Olaetxea (178,5 puntu). Hirugarren kanporaketan, Betelun, parez pare ibili ziren 6 bertsolariak. Azkenean, Erika Lagoma (191 puntu) eta Migel Mari Elosegi nagusitu ziren. Tafallak hartu zuen azken final-aurrekoa, joan zen larunbatean. Bertan, Xabier Silveira izan zen onena, 187,5 punturekin. Haren atzetik Xabier Legarreta, Arano, sailkatu zen, 186,5 punturekin. Zuzeneko txartela lortu dutenez gain, lehen fasean lortutako puntuek aurrera egiteko bidea eman die beste 9 bertsolariri. Eneko Lazkoz da horietako bat, Igantziko kanporaketan lortutako 177 puntuei esker. Saioa Alkaiza (185 puntu), Joxe Juan Zubieta (185 puntu), Bittor Elizagoien (184 puntu), Jon Elizetxe (178 puntu), Ander Fuentes (175 puntu), Iñaki Aleman (173,5), Alazne Untxalo (170,5) eta Aritz Saragueta (168 puntu) dira puntuei esker sailkatu diren beste bertsolariak. 165 punturekin, final-erditik kanpo geratu da Oier Lakuntza urdiaindarra. Larunbatean sartuko da lehian Julen Zelaieta Datorren larunbatean, arratsaldeko 17:30ean hasita, lehen final-erdia jokatuko da Goizuetako udaletxeko ganbaran. Bertan sartuko da txapelketan lehen fasea jokatu beharra izan ez duen bertsolari bakarra, iazko txapeldun Julen Zelaieta. Beratarrarekin batera taula gainera igoko da Eneko Lazkoz etxarriarra ere. Jon Barberenak, Iñigo Olaetxeak, Bittor Elizagoienek eta Aritz Saraguetak osatuko dute seikoa. Datorren astean AltsasunAltsasuko Iortia kultur guneak hartuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-erdia datorren astean, otsailaren 28an, 17:30ean. Hitzorduak Aimar Karrika, Xabier Silveira, Migel Elosegi Luze, Saioa Alkaiza, Jon Elizetxe eta Alazne Untxalo bilduko ditu. Martxoaren 7an jokatuko da azken final-erdia, Antsoainen. Orduan jakinen dugu zein 8 bertsolari iritsiko diren Elizondora, final handira. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea sailkatuko da eta bost puntuaziorik onenak.