Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Leitza eta Beginori 10-22 irabazi zieten Yves Salaberri Xalak eta Aitor Zubietak ostiral gauean Donibane Lohitzuneko Maurice Ravel pilotalekuan. Leitzak mina hartuta dabilen Berasaluze VIII.a ordezkatu zuen eta adituek aurreikusi moduan, Xala eta Zubieta biko trinkoagoa izan ziren Leitza eta Begino baino. Leitza eta Beginok irabaziz gero finalerdietarako sailkatzeko urrezko aukera zuten, bosgarren puntua lortuko baitzuten, baina ez zuten aukera aprobetxatzen jakin. Xalak eta Zubietak aukerak mantentzea zuten jokoan, galduz gero hurrengo fasera pasatzeko ia aukerarik gabe geratuko baitziren. Frontoia beteta eta giro paregabea zela, launako berdinketa eta gero Xalak eta Zubietak zortzi tantoko aldea lortu zuten, garaipena euren aldera bideratuz (12-4). Horren ondoren 18-6koa heldu zen, eta segidan bukaerako 22-10a. Hasieratik ikusten zen Iparraldekoa eta Etxarrikoa gailenduko zirela, eta hala izan zen. Bikoa jaun eta jabe izan zen: etxean jokatzen zuen Xala hasieratik sartu zen partidan, erritmo bizia ezarriz eta tanto ederrak eginez, eta atzeko koadroetan Zubieta Begino baino gehiago izan zen. Ligaxkako azken jardunaldia Aurtengo eskuz binakakoak emozioa pil-pilean izanen du bukaerara arte; izan ere, ligaxkako azken jardunaldia jokatzear dagoenean oraindik ez dago argi finalerdietara nor pasako den. Launa puntura berdinduta daude hurrengo bikoak: Martinez de Irujo-Goñi III.a, Gonzalez-Barriola, Olaizola II.a-Mendizabal II.a, Berasaluze VIII.a-Begino eta Bengoetxea VI.a-Beloki. Hiruna puntu dauzkate Xala-Laskurain (Zubieta) eta Titin III.a-Pascual bikoek, eta bina puntu Olaizola I.a eta Patxi Ruizek. Hortaz azken bikoak izan ezik gainontzeko biko guztiek dituzte finalerdietara sailkatzeko aukerak. Beraz, asteburuan jokatzear den jardunaldia ikusgarria eta emozioz betetakoa izango dela ez dago zalantzan jartzerik. Xalak eta Aitor Zubietak (Laskurain guztiz osatu gabe dago) hurrengo astelehenean jokatuko dute ligaxkako azken lehia, otsailaren 23an, inauterietan murgildua egonen den Tolosako Beotibar pilotalekuan, Olaizola I.a eta Patxi Ruizen kontra. Azkenek ia ez dute ezer jokoan, baina gauzak ez dizkiete batere erraztuko Xalari eta Aitor Zubietari. Hiru partida irabazita berpiztu egin da Iparraldekoak eta Etxarrikoak osatzen duten bikoa, eta Laskurain oraindik guztiz osatu ez denez, Zubietak beteko du atzera ere bere tokia. Txapelketa ona egiten ari da etxarriarra eta etorkizunean kontuan hartzeko modukoa dela demostratzen ari da.