Xalak eta Zubietak ez dute aukerarik baina euren lanari begira daude bi biko

Guaixe 2009ko otsailaren 23a

Xalak eta Zubietak galduz gero Gonzalez eta Barriolak eginen lukete aurrera eta irabaziz gero Bengoetxea VI.ak eta BelokikEskuz binakako txapelketako ligaxkako azken jardunaldia despedituko da gaur, Tolosako Beotibarren Xalak eta Zubietak (Laskurain ordezkatuz) Olaizola I.aren eta Patxi Ruizen aurka jokatuko duten lehiarekin. Asteburuko gainontzeko lehiak jokatu eta gero, hiru biko sailkatu dira, dagoeneko, eskuz binakako final erdietarako: Berasaluze VIII.a-Begino, Martinez de Irujo-Goñi III.a eta Olaizola II.a-Mendizabal III.a. Txapelketan aurrera egiteko inolako aukerarik gabe, eliminatuta daude Titin III.a-Pascual eta Olaizola I.a-Patxi Ruiz eta Xala-Laskurain (Zubieta). Hain zuzen ere azken bi biko hauek gaur jokatuko dute ligaxkako azken partida, eta nahiz eta eurek txapelketan aurrera egiteko inolako aukerarik ez izan, eurek egiten dutenari begira daude Gonzalez-Barriola eta Bengoetxea VI.a-Beloki, emaitzaren arabera biko batek hala besteak eginen baitu aurrera. Galtzera derrigortuak?Eta dilema nahiko konplikatua da, Xalak eta Zubietak irabazten  badute Bengoetxea VI.a eta Beloki sailkatuko direlako, hain zuzen ere kontrako enpresakoak, eta Olaizolak I.ak eta Patxi Ruizek  irabaziz gero, Gonzalez eta Barriolak eginen lukete aurrera, kontrako enpresakoak baitira. Beraz, euren taldekideak laguntzeko "galdu beharrean" daude Xala eta Zubieta eta Olaizola I.a eta Patxi Ruiz. Galtzera aterako al dira bi bikoak? Akatsak egitera? Dilema zaila dute, logika guztitik kanpo dagoena, euren taldekideak lagundu nahi badituzte galdu behar baitute. Polemikak alde batera utzita, bi bikoak kontentu geratu ziren aurreko ostegunean aukeratutako materialarekin. Partida gaur jokatuko da, Tolosako Beotibarren, 16:30etik aurrera, baina ziurrenez bi bikoek ez dute batere disfrutatuko.