Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
6-22 hartu zituzten menpean Olaizola I.a eta Patxi Ruiz, nahiz eta txapelketan aurrera ez egin eta horrek Bengoetxea VI.a eta Beloki sailkatzera eramanTolosako Beotibarren bildu ziren zaleek ez zekiten zein asmorekin kantxaratuko ziren bi bikoak: Xala eta Zubieta eta Olaizola I.a eta Patxi Ruiz. Dilema zaila zeukaten bi bikoek, eurek txapelketan aurrera egiterik ez baitzuten, baina irabaziz gero kontrako enpresako bikoei emango baitzieten txapelketan aurrera egiteko aukera. Euren enpresako bikoei laguntzeko "galtzera" behartuak al zeuden bi bikoak? Baina egon zitezkeen zalantza guztiak azkar asko uxatu zituzten Beotibarren kantxaratu zirenek profesionaltasun osoz jokatu baitzuten, asmo txar posible guztiak bertan behera utziz. Enpresen ligako buru, epaile eta bestelako guztiak baino profesional hobeak direla erakutsi zuten atzo Tolosan. Eta zalantzarik gabe Xala eta Aitor Zubieta etxarriarra izan ziren partidako jaun eta jabe. Xalak txapelketa osoan emandako maila eman zuen eta Asier Olaizola baino askoz gehiago izan zen. Eta Aitor Zubietak partida bikaina jokatu zuen, zartako galantak eman baitzizkion pilotari, atzeko koadroetan aginduz. Laskurain ordezkatuz Eskuz Binakakoan jokatu dituen lau partidetan bikain aritu da, eta argi erakutsi du txapelketatan parte hartzeko atzelari bikaina dela. Gainera, Aspeko bikoari guztia ongi atera zitzaion eta 6-22 irabazi zieten Asier Olaizolari eta Patxi Ruizi. Garaipen garratzaHala ere, garaipen gazia izan zen Aspeko bikoarendako, alde batetik eurak ez baitzuten lortu eskuz binakakoan aurrera egitea, finalerdietarako sailkatuz, eta bestetik eurek irabazi eta gero Bengoetxea VI.a eta Beloki sailkatu direlako final erdietarako, Gonzalez eta Barriolaren kaltetan. Azken orduan erregelamendua aldatzeak ez zuen batere mesede egin, eta argi zegoen atzokoa ez zela egun erraza izan lau pilotariendako, bereziki irabazleendako. "Bagenekien finalerdietarako ez ginela sailkatuko baina guk gure lana egin behar genuen, kantxan dugun maila eman. Triste nago kanpoan geratu garen bikoen artean tanteo onena edo tantoen koefiziente orokor onena izan dugulako eta hala ere, kanpoan geratu garelako eta baita enpresako biko bat kanpoan geratu delako, baina profesionalak gara eta jokatzera etorri behar gara" zioen Xalak. Gogoratu behar da azken orduan arautegia aldatu izan ez balute Xalak eta Zubietak, edo Laskurainek, beharko luketela finalerdietan, lau partida irabazteaz gain jasotakoak baino 28 tanto gehiago egin dituztelako. Baina erregelamendua azken orduan aldatzean aukera hori galdu dute. Aitor Zubieta Xalaren iritzi berberekoa zen, baina Lekuinekoa bezala haserre zegoen. "Triste eta haserre atera gara jokatzera, baina irabaztera atera gara bestela mesfidantza hor geratzen delako. Partidan zentratu gara eta ona izan da lehia. Dena den jokatzea ez da erraza izan, erregelamendua aldatu zenetik egoera berria buruan izan dugulako bueltaka. Haserre gaude baina gauzak datozen bezala hartu behar dira, agintariek hala erabaki dute eta horrela da gauza" nabarmendu zuen. Gauzak horrela, Asegarceko hiru bikok eta Aspeko batek jokatuko dute eskuz binakako txapelketako finalerdien ligaxka: Olaizola II.a-Mendizabal, Berasaluze VIII.a-Begino, Bengoetxea VI.a-Beloki eta Martinez de Irujo-Goñi III.a.