Piano eta ahots eztiarekin, bidaia musikala

Guaixe 2009ko martxoaren 6a

Piano ikasketetan sakondu nahian, asko bidaiatu du Alicia Torrea lizarragatarrak. Bere bidea jarraiki, sakandarroi ere bidaiatzera gonbidatzen gaitu, bidaia musikala egitera. Joohyun Lee sopranoarekin batera, igandean, 19:00etan, Etxarri Aranatzen eskainiko duten errezitaldian izanen dugu horretarako aukera.  Ez da herri honetan eskaini duen lehen kontzertua. Bere jaioterrira egindako bisitak baliatuz, kontzertu bat baino gehiago eskaini izan du Aliciak Etxarri Aranazko abesbatzaren aretoan. Aretoa txiki geratu eta herriko kultur etxean eskainiko du oraingoan kontzertua, Etxarri Aranazko Udalak antolatuta.KontzertuaJoohyun Lee sopranoak eta Alicia Torrea piano joleak eskainiko duten errezitaldian klasizismoko eta erromantizismoko obrak izanen dira protagonistak. Hain zuzen ere bi aro horiek uztartu zituen Beethoven-en 32 variationen obrarekin mustuko dute kontzertua. Ondoren, Mozart handiaren Messe in C-Moll obrako Et incarnatus est aria interpretatuko dute. Erromantizismoa utzi gabe, Schumannekin jarraituko du errezitaldiak. Alemaniako konpositorearen Papillons op. 2 eta Widmung op. 25 1. obrak eskainiko dituzte. Dèlibes frantziarraren Lakmé operako Clochette aria etorriko da ondotik. Ariak K. Wetzel-en Kurtag-Variationen obrari eginen dio lekua. Sopranoak eta piano joleak Italiako musikarekin despedituko dute errezitaldia, Donizettiren Linde de Chamounix operako A tardai troppo ariarekin.                                           Ibilbide profesionalaAlicia Torrea Goikoetxeak Barañaingo Luis Morondo musika eskolan hasi zituen piano ikasketak. 2002an, Iruñeko Goi Mailako Pablo Sarasate kontserbatorioan Goi Mailako Irakasle Titulua atera zuen. Oraindik ere pianoan hobetzeko gogoz, Frantziara joan zen, Boulogne-Billancourt-eko Kontserbatorio Nazionalean. Bertan, Geneviérè Ibanez kontzertista maisu zuela, Pianoko Lehen Saria jaso zuen 2006an. Ez da hori izan bere ibilbideko sari bakarra: Donostia Hiria Saria, Fernando Remacha (Iruñea) eta Claude Bonnetton Saria (Frantzia, 2007) jaso ditu, besteak beste. Hala nola, bakarlari gisa nahiz ganbara-musikan, asko izan dira eskainitako kontzertuak, Euskal Herrian, Espainian, Frantzian eta Alemanian batik bat. Lizarragatarrak musika garaikidean sakondu du (Festival de la musique contemporaine de Paris, 2008) eta zenbait kontzertu pedagogiko egin ditu (Jam on Commedia dell´arte, Paris, 2007 eta La muneca Didi, Iruñea, 2009). Gaur egun perfekzionamendu klaseekin jarraitzen du Leipzig-eko Hochschule für Musik und Theatre Felix Mendelssohn-Bertholdy musika zentroan, Alemanian.Lizarragatarrarekin batera, Joohyun Lee sopranoa igoko da Etxarri Aranazko kultur etxeko oholtza gainera. Incheonen, Hego Korean jaiota, Seuleko Ewha unibertsitatean lizentziatu zen kantu lirikoan. Ondotik, Europarako bidea hartu zuen, ikasketekin jarraitzeko. Boulogne-ko kontserbatorioan, Frantzian, lizentziatu eta gero, klase magistralak jasotzen jarraitzen du. Soprano bakarlaria izan da zenbait obratan: Haydn-en Misa, Caldararen La Pasione, Bizeten Carmen operan, Jam on Commedia de´ll arte lanean, The Fairy Queen operan. Zenbait errezitaldi eskaini ditu Alicia Torrearekin batera. Gaur egun Bernjamin Britten International Opera Scholl-en ari da ikasten.