Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kale borroka gisa tipifikatutako ekintza bategatik Hodei Ijurko Irozi 16 urteko espetxe zigorra jarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigor Aretoaren epaiak "atentatuko" bi delitu egozten dizkio gazteari, lehertzeko edo su emateko gaia izatea eta ordena publikoa kaltetzea. Kartzela zigorraz gain, Ijurkok 7.400 eta 17.600 euro ordaindu beharko dizkie Foruzaingoko bi agenteei "jasandako kalteengatik", eta bi urtez ezinen du haiengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu.Ijurkok auziaren lehen egunean ukatu zuen bi agenteak eraso izana, baina Espainiako Auzitegi Nazionalaren Zigor Aretoko epaileek ez daukate "dudarik", eta foruzainen adierazpenetan oinarritu dira epaia emateko.Hodei iazko martxoaren 9an atxilotu zuten Iruñean. Alde Zaharrean bi foruzainen aurka bi molotov koktel jaurtitzea egotzi zioten. Gazteak salatu zuen jo egin zutela, eta sei zentimetroko ebakia egin ziotela, baina segurtasun indarren arabera, gazteak jarrera oldarkorra erakutsi eta zauritu zen, agenteak kolpatzeaz gain. Ijurkok gertaera horregatik salaketa jarri du Iruñeko epaitegian eta tramitean dago. Atxilotu zutenez geroztik Ijurko hainbat espetxetan izan da, gehienetan bakartuta.