Finalaren atean geratu da Eneko Lazkoz

Guaixe 2009ko martxoaren 9a

Joan zen larunbatean jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-erdia, Antsoainen. Finalaren aurreko azken kanporaketak erabaki behar zuen martxoaren 21ean Elizondon oholtza gainera igoko diren bertsolarien izenak, beraz, Antsoainera begira zeuden bertsolari guztiak. Kanporaketak argi utzi zituen finalerako lehen zazpi txartelak. Zortzigarren txartelaren jabea ordea ez zegoen argi: Eneko Lazkozen, Jon Elizetxeren eta Ander Fuentes Itturri-ren arteko berdinketa hirukoitzak azken unera arte luzatu zuen emozioa. Soto nagusiOrain arteko final-erdirik onena izan zen larunbatekoa. 250 bertsozale ingururen aurrean, lehen mailako saioa eskaini zuten taula gainean aritu ziren sei bertsolariek. Horren adierazle bertsolariek lortutako puntuak: Julio Soto izan zen denetan onena, 334 punturekin eta, ondorioz, harendako izan zen finalerako zuzeneko txartela. Lehia polita izan zuen Erika Lagomarekin, baina kartzeleko ariketak bigarren postuan utzi zuen lesakarra, 331 punturekin. 3. postua Xabier Legarretarendako izan zen (316 puntu). Lortutako puntuei esker, finalerako txartela lortu zuten Lagomak eta Legarretak. Hiru bertsolari eta finalerako txartel bakarraEmozioa bikoiztu egin zen azken final-erdian. Lehen postua Sotorendako izan zela argituta, Ander Fuentes Itturri-ren 307,5 puntuek sortu zuten urduritasuna. Puntuazio horrek berdinketa hirukoitza sortu zuen eguneko 4. sailkatuaren eta Jon Elizetxeren eta Eneko Lazkoz etxarriarraren artean. Hiru bertsolarien artean banatu behar zen finalerako zortzigarren txartela. Berdinketa gainditzeko epaile bakoitzak bertsolari bakoitzari eman zion puntu kopuruari erreparatu behar izan zioten, hau da, epaile bakoitzaren zerrendan bertsolariek zuten tokiari. Bide horretatik, Ander Itturrirendako izan zen txartela. Lehen aldiz sakandar bat finalean ikustetik gertu geratu gara. Benetan txalotzekoa Eneko Lazkozek egindako lana. Datorren astean finala ElizondonMartxoaren 21ean, 17:00etan jokatuko da finala Elizondoko Lur aretoan. Iñigo Olaetxea (Goizuetako finalaurreko), Xabier Silveira (Altsasukoa) eta Julio Soto (Antsoaingoa) zuzenean sailkatu dira finalera. Haiekin batera, Erika Lagoma (331 puntu), Xabier Legarreta (316 puntu), Julen Zelaieta (308,5 puntu), Jon Barberena (308 puntu) eta Ander Fuentes Itturri (307,5) igoko dira oholtza gainera. Orain arte txapelketak eman duena ikusita, final orekatua espero da. Nafarroako txapelketa ez ezik, Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusirako lau txartel ere jokoan izanen dira. Beraz, badago lehiarako arrazoirik. Finaleko sarrerak salgai daude Iruñeko Karridendan (Xabier karrika 4, behea) eta erreserbak egin daitezke Nafarroako Bertsozale Elkartean, 948 143 747 telefonoan eta nafarroakotxapelketa@bertsozale.com helbidean.