Jubilatu elkarteak zuzendaritzaren zati bat berritu du

Guaixe 2009ko martxoaren 10a

Larunbatean ospatu zuen Gure Ametsa jubilatu eta pentsiodunen elkarteak bere eguna. Egitaraua azken urtean hildako 10 bazkideen omenezko elizkizunarekin abiatu zuten. Ondoren batzarra egin zuten elkarteko kideek eta zuzendaritzaren zati bat berritu zuten. Hala, Juan Mari Artiedak, Margarita Maizak eta Juana Mari Jakak elkarteko ardura karguak utzi zituzten eta haien tokia betetzeko boluntario azaldu ziren Jose Luis Asensio, Amparo Urriza eta Tere Irurzun sartu ziren. Azken hiru horiekin batera beste urte batez zuzendaritzako kide izanen dira: Pedro Lizarraga, Bittori Muguruza, Begoña Berastegi, Pili Ezkerra eta Gregorio Goñi. HanditzeaBatzarrean zuzendaritza berritzearekin batera, azken urteko jardunaren berri eman zuten. Eta puntu horretan aparteko garrantzia izan zuen Gure Ametsa elkartearen handitzearekin zerikusia duen guztia. Jakinarazi zutenez, lanek 105.469,28 euroko aurrekontua izan zuten. Hiru finantzabide izan zituzten: Nafarroako Gobernua, 53.292 euro, Etxarri Aranazko Udala, 33.933.58 euro, eta elkartea bera, 18.243,70 euro. Gure Ametsak bere zatia Nafarroako Kutxaren zeuk erabaki, zeuk aukeratu programaren bidez (12.000 euro) eta Euskadiko Kutxaren laguntzarekin (2.000) euro osatu du. Falta zaiona aurtengo aurrekontutik aterako du.  AsmoakZuzendaritzako kideek esan zutenez, "egoitza handitzeko lana erronka oso garrantzitsua izan da baina, azkenik, Etxarriko helduendako egoitza duin bat lortu da". Aurrera begira, berriz, jubilatuen elkartearen asmoa da podologia zerbitzua martxan jartzea. Horretaz aparte, jangela jartzeko ikerketa egiten jarraituko du, nahiz eta aurreratu zutenez, "krisi egoeran, diru-laguntzarik gabe, nahiko zaila. Baina konponbidea ematen saiatuko gara". Aurreko urteetan bezala, bidaia sail bat ere antolatuak dituzte. Aurreneko irteera apirilaren zazpian izanen da. Iraila bitartean antolatutako irteeretan zer ikusi izanen dute. Bestelako jarduerek ere segida izanen dute: memoria tailerra, txapelketak, informatika ikastaroak eta beste. Elkartetik azaldu dutenez, "guztia gizartean integratuta egoteko". Batzarraren ondoren 107 pertsona mahaiaren inguruan eseri ziren, bazkaltzera, udaleko kideak tartean. Akordeoilariak giroa berotu zuen eta luze izan ziren elkartean.