Berrikuntza lanak despeditu dituzte kanpineko eraikin nagusian

Guaixe 2009ko martxoaren 13a

Gaur arratsaldean zabalduko ditu atean Etxarri Aranazko kanpinak. Taberna eta aldagelak hartzen dituen eraikinaren handitze lanak egin ondoren dator irekiera. Eraikin nagusi hori iparralderantz handitu dute. Kanpinaren kudeatzaile Floren Vicente Imazek jakinarazi digunez, solairu bakoitza 40 metro karratu handiagoa da. Florenek esan digunez, "beheko solairuan harrera izanen da. Goiko solairu guztiaren espazioaren birbanaketa egin dugu". Florenek esan digunez, "sukaldea eta taberna handitu egin dira, tresneria guztia berrituz. Bestalde, jatetxeko jangelaren espazioa birbanatu egin dugu."GehiagoLan horiek despeditu badira ere, igerilekua zabaldu aurretik beste batzuk egitea aurreikusia dute Etxarri Aranazko kanpineko arduradunek. Maiatzean kanpineko bideak asfaltatuko dituzte. Igerilekuko sasoia hasten denerako haurrendako jolas parkea eginen da. Bestalde, haurrak euren lagunekin egoteko aretoa prestatzea aurreikusten da. "Egun kioskoa dagoen tokian egonen da eta 32 bat metro karratu izanen du", Florenek azaldu digunez eta, argitu digu "taberna ez da gazteak biltzeko toki egokiena horregatik eginen dugu gune hori". Egiteko geldituko diren lan txikiak udazkenean despedituko dituztela esan digu Florenek. Aipatutako lan guztiek 180.000 euroko aurrekontua izan dute. Baina aurretik ere lan gehiago egin izan dira: bungalow partzelak handitu, kiroletarako pista, aldagelak guztiz eraberritu... Lan guztiak kontuan hartuta 535.000 euroko inbertsioa egin da. Tartean da 60.000 euroko laguntza bat. Inbertsioak egitearen truke ustiapen kontratua 8 urtez luzatzeko akordioa adostu zuten kudeatzaileak eta udalak. Florenek esan digunez, inbertsio horrek kanpina 2. mailatik 1. mailara pasatzeko aukera emanen dio. ZabalikGaur ostiralean zabalduko ditu ateak kanpineko eraikin eraberrituak. Martxoan astebururo, ostiral arratsaldetik igande gauera bitartean, eta zubian zabalik egonen da ostalaritza azpiegitura, nahi duen guztiak erabili ahal izateko. Apirilaren batetik lastailaren laura bitartean egunero izanen da zabalik. Eta horren ondoren, abendua bitartean, asteburuetan eta zubietan.