Udalak ordenantza bidez arautu du espetxeratuak direnen senideendako laguntzak

Guaixe 2009ko martxoaren 16a

Behin betiko onartu den ordenantza horren arabera Etxarri Aranazko Udalak presoen senideei diru-laguntza emanen die. Laguntza hori presoak bisitatzera joateko bidaiek ekartzen dizkien gastuen zati bat ordaintzeko eta, horrela, zigorra betetzen aurkitzen diren presondegietara joan ahal izateko izanen da. Ordenantzan jasotakoaren arabera Hego Euskal Herriko mugetatik kanpoko espetxeetan dauden presoen senideek eskatu ahal izanen dituzte laguntzak. Preso bakoitzaren senide bakar batek jaso ahalko ditu laguntza horiek. Eta, ordenantzan ezinbesteko baldintza gisa ezartzen da hala senide onuradunak nola presoak Etxarri Aranatzen erroldaturik egon beharko dutela gutxienez laguntzak eskatu eta hiru urte lehenagotik.Oro har, laguntza eskatzaile guztiei hilean joan-etorriko bidaia bat diruz lagunduko zaie, Etxarri Aranaz eta espetxearen arteko ibilbideko kilometro bakoitzeko 0,09 euro ordainduz. 500 kilometro edo gehiagoko joan-etorritan kopurua 0,12ra igoko da. Garraio publikoa erabiliz gero, trenez izan edo autobusez izan, txartelaren kostuaren ehuneko 25 ordainduko zaie, eta txartelaren bidez egiaztatu beharko dute. Gastuen egiaztagiriekin batera, laguntza kobratzeko espetxe-arduradunak emaniko bisitaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Ordenantzan jasotako kopuruak urtero eguneratuko dira, aurreko urteko KPIren arabera. Diru-laguntza Etxarri Aranazko Udalak uneoro duen aurrekontuaren menpe egonen da, eta kontu-saila 3.500 eurokoa izanen da, gehienez ere. Etxarri Aranatzen onartu berri den antzeko ordenantza du aurretik Altsasuk.