Ezker abertzaleak autodeterminazioaren aldeko mezua zabalduko du

Guaixe 2009ko martxoaren 16a

Larunbatean aurkeztu zuen Etxarri Aranazko ezker abertzaleak hurrengo hilabeteetan aurrera eramanen duen kanpaina: "Etxarriarron irrintzia, autodeterminazioa". Aurkezpenean 50 bat herritar izan ziren eta jakinarazi zutenez, "egungo gatazka egoera gainditzeko, erabakitze eskubidea eta lurraldetasuna aintzat hartuko dituen  Marko Demokratiko berri bat" aldarrikatzen dute. Ideia horiek manifestu batean garatu ditu Etxarriko ezker abertzaleak . Hurrengo egun eta asteetan herriko elkarte, eragile, koadrila eta abarrekin bilduko dira manifestua helarazi eta azaltzeko, baita atxikimenduak lortzeko ere. Kanpaina garila hasieran izanen den ekitaldi batekin despedituko du ezker abertzaleak. ManifestuaEzker abertzalearen kanpainaren oinarri izanen den idatzian jaso denez, "azken hamarkadetan gora egin du Euskal Estatua eraiki nahi duen herritarren kopuruak". Aldi berean, gogora ekarri dute Europan "Estatu estatusa eskuratu nahi duten herriak gero eta gehiago" direla. Zabalduko den manifestuan jaso denez, "erronka estrategia eraginkorra osatzea da, batetik, proiektu politiko guztiak gauzagarri izatea ahalbidetuko lukeen eskenatoki demokratikoa erdiesteko eta, bestetik, proiektu independentista eta sozialista indartzeko". Horretaz gain, "independentistok gure indarrak bildu eta bloke independentista herritarra eratu beharra" azpimarratzen da idatzian.Anoetako Adierazpenarekin abiatutako bidea "berresteaz" gain, manifestuan jaso da: "negoziazio eta elkarrizketaren bidetik soilik konponduko dela gatazka politikoa termino demokratikoetan eta modu horretan soilik lortu ahal izango direla soluzio integralak". Aldi berean, "errepresioari eta apartheid politiko eta instituzionalari aurre egingo dion herri harresia egituratzea" eskatzen du. Azkenik, Etxarriko independentistei dei egiten zaie "erronka eta zeregin horietan ahaleginak eta indarrak batzeko".