220 kilometroko ihesaldiak ez zuen saririk ekarri Egoi Martinezendako

Guaixe 2009ko martxoaren 17a

Atzo Tirreno Adriatikoko seigarren etapa jokatu zen, Civitanova Marchen hasi eta Camerinon despeditu zena. Etapa luzea, 235 kilometrokoa. Euskaltel-eko Egoi Martinez izan zen etapako protagonistetako bat, 220 kilometro eman baitzituen ihes eginda, ia gehienak bakarrik. Baina garaipenak ihes egin zion, bukaera aldera ahituta baitzegoen. Etapa hasi eta 10 kilometrora egin zuen ihes etxarriarrak beste lau txirrindularirekin batera, eta kategoria bereziko Sasso Tatton topera joanez bakarrik geratu zen. Baina helmugarako 7 km falta zirenean, Klödeni lidergoa kentzeko asmoz erasoaldi bikaina jo zuten Liquigaseko Vincenzo Nibalik eta Ivan Bassok, Acqua&Saponeko Stefano Garzelli eta Serramentiko Michele Scarponi italiarrek harrapatu zuten nekatuta zegoen Egoi Martinez, eta aurrera egin zuten, atzean Martinez eta Nibali utziz, eta hirukotearen artean erabaki zen etapa. Azkarrena Scarponi izan zen (6:36:12), Garzelliri segundo bat atereaz. Laugarren posturik gabe geratu zen etxarriarra, helmugarako 150 metroren faltan tropelak irentsi baitzuen. Azkenean 21.a izan zen Egoi, 1:32ra. Bere taldekide Pablo Urtasun urdiaindarra 156.a heldu zen helmugara, 30:54ra. Katarroekin arazoak ditu Urtasunek. Nolanahi ere lan handia egin zuen Euskaltel-eko etxarriarrak. Mendiko lidergoa eskuratu zuen Egoi Martinezek, eta nahiz eta ihesaldiak helmugan arrakastarik ez izan, egindakoarekin kontentu zegoen etxarriarra. Honela esplikatzen zuen atzo gertatutakoa: "egunaren hasieran ez nuen espero atera zaidan bezalako etapa egitea. Hotzeri bat dela medio egun pare bat daramatzat nahiko deseroso eta hara! primeran sentitu naiz gaur. Etapa hasi eta ia berehala ihes egin dugu eta helmugan aukerak izateko argi nuen Sasso Tatto kategoria bereziko portuan topera joan behar nintzela eta Klöden liderra ez zela bertan deskolgatu behar. Baina Klödenek ez die aurkarien erasoei eutsi eta, ondorioz, lidergoa eskuratzeko lehia gogorrean hasi dira atzean. Horrek kaltetu egin nau eta ziurrenik horregatik ez dut etapa irabazi. Horren ihesaldi luzea eta gero, ilusio handia egingo lidake irabazteak, baina gauzak horrela dira" zioen atzo etxarriarrak. Atzoko etapak lider aldaketa ekarri zuen Tirreno Adriatikon, Astanako Andreas Klödenek ez baitzuen erritmoa jasan. Atzoko irabazle Serramenti taldeko Scarponi da Tirreno Adriatikoko lider berria, 25 segundora Stefano Garzelli duela. Egoi Martinez 24.a da, 9:47ra eta Pablo Urtasun 133.a, 58:09ra. Mendiko buru Egoi Martinez da. Gaur azkeneko etapa dago jokoan, San Benedetto del Tronton hasi eta despedituko dena, 169 kilometrokoa eta bere ezaugarriak direla medio, ziurrenik esprintean despedituko dena. Ea zer moduz doakien gure txirrindulariei.