Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bere borondatea betez, Etxarri Aranatzen lurperatu zuten Santiago Ezkerra Beltza, asteartean. Askok eta askok Guaixen idatzitako artikuluengatik ezagutzen zuten. Santiago 1925eko maiatzaren 6an jaio zen Etxarri Aranatzen. Haurra zela gurasoak (Silberio eta Leontzia) hil zitzaizkion eta gertaera horren ondoren kaputxinoen ordenean sartu zen. 1946an profesio txikia egin zuen Zangozan eta hiru urte geroago profesio handia Iruñeko komentuan. 1950ean apeztu zen eta Zangozan, Iruñean eta Lekarotzen izan zen. Baina 1961eko San Kiriko egunean ordena utzi zuen. Tarte batean Bilbon bizi izan zen, baina Madrilerako bidea hartuko zuen laster. Han prentsa zuzentzaile lanean hasi zen. Madrilen ezagutu zuen emaztea izan zena, Charo Fernandez (berriki hila), eta lau seme-alaba izan zituzten. Santiago Ezkerra Beltzak euskara asko maite zuen eta hainbat ordu eskaini zizkion ikertzera, dinamizatzera eta toki egokira eramatera. Santiago euskaltzain urgazlea zen. 2003ko maiatzaren 31n Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak eta Udalak antolatutako euskal astearen barruan Santiago omendu zuten, "guu hizkuntzai eskeiñi doozkiyon momentu, alein ta gogo guzioingati". IdazleArtikulu idazle oparoa izan da Santiago. Kaputxino zela Aureli Etxarri Aranazkoa ezizenarekin sinatu zituen bere idatziak. Ondoren, Lizarrusti ezizena hartu zuen beretzat. 2000. urtean Bierrik Elkarteak Nafarroako Gobernuaren laguntzaz Sakanako Euskal Idazleen Antologia (I) liburua publikatu zuen. Joxemiel Bidadorrek atondutako liburu hartan hainbat datu jaso ziren.Arantzazuko frantziskotarrek argitaratzen zuten Aranzazu aldizkariaren nekazaritza gaiei buruzko gehigarri gisa publikatzen hasi ziren Goiz-Argi aldizkaria. Santiago Ezkerra Beltzak 1976tik 1982ra bitartean 63 artikulu publikatu zituen. Principe de Viana aldizkarian 1974 eta 1981 urteen artean publikatu zituen idatziak. Principe de Viana aldizkarian publikatutako azken artikuluetako bat Etxarriko hizkeran idatzi zuen, bakarra. Aldizkari horretako artikuluak Euskaltzaindiaren web orrian irakur daitezke. Publikatzeari urte batzutan utzi ondoren, 2001eko ilbeltzaz geroztik bere artikuluak Guaixe aldizkarian publikatu izan dira hilero. Eliz kontuei buruzko hiru liburu labur ere utzi ditu Santiagok. Lehenengoa izan zen Migel Goiaingeruari bederatziurrena (Iruñeko kaputxinoen inprenta, 1956), bi urte beranduago Bederatziurren bearrezkoak eta eliz otoitz batzuk (Itxaropena, 1958) liburuaren barruan jaso izan zena. Azken liburuak Meza saindua izenburua zuen (Aranburu, 1958). Euskaltzale amorratua zen Santiago eta azken unera arte lanean egon da, bere hiztegitxo partikularra prestatzen, non, besteak beste, hainbat esaera biltzen dituen.