Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Buruz Buruko aurre kanporaketa jokatu zuten larunbatean Aitor Zubieta atzelari etxarriarrak eta Juantxo Koka aurrelari donostiarrak Labriten. Kokak esperientzia eta aurreko koadroetan hobeto mugitzea zuen bere alde, eta Zubietak, berriz, azkenaldian ematen ari den primerako itxura eta prestaketa fisikoa. Nolanahi ere uste baino askoz errazago gailendu zen Etxarrikoa, Kokari 15-22 irabazita. Zubietak merezimendu osoz irabazi zuen Eskuz Banakakoan aritzeko eskubidea eta bihar beste 19 pilotarirekin batera egongo da Bilbon, txapelketaren aurkezpenean. Nahiz eta beti esan Zubietak ezaugarri bikainak dituela esku-huska aritzeko - indarra eta koordinazioa - larunbatean beste ezaugarri bat gehiago erakutsi zuen: sakea. Izan ere 8 tanto sartu zizkion Kokari sakez. Etxarrikoak goitik behera menperatu zuen Koka, eta nahiz eta haren defentsa ona izan, laster hustu zen gipuzkoarra. Sake asko sartu zizkion Zubietak, eta luzatzen ziren tantoetan, bien arteko kolpaketan zegoen aldea oso handia zen. Seriotasun handiz jokatu zuen Zubietak, eta 3-13 jarri zen aurretik, partida ia erabakita utziz. Baina hortik aurrera kirol-heldutasuna falta izan zitzaion Zubietari, berak ere onartu zuen moduan. "Partida puskatu dudala ikusi dudanean gauzak oker egiten hasi naiz. Ikasi egin beharko dut" adierazi zuen, umiltasunez, etxarriarrak. Egoera hori aprobetxatzen saiatu zen Koka, eta sakea berreskuratu eta pilota aldatu eta gero 6-0ko partziala egin zuen. Baina Zubieta berriro ere norgehiagokara etorri eta erraz irabazi zuen partida, 15-22.