300 ikasle inguru Nafarroako Ikastolen Euskal Jolas eta Jokoen XXIII. Egunean

Guaixe 2009ko martxoaren 30a

Nafarroa Oinezek, Andra Mari ikastolak eta Ikastolen Elkarteko Xiba proiektuak Nafarroako Ikastolen Euskal Jolas eta Jokoen XXIII. Eguna antolatu zuten igandean, hainbat erakunderen laguntzarekin. 11 ikastoletako ia 300 ikaslek parte hartu zuen ekimenean, Paz Ziganda, San Fermin, Jaso, Lizarra, Labiaga, Tafalla, Zangoza, Tuterako Argia, Altsasuko Iñigo Aritza eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastoletatik etorritakoek. Aurtengo Nafarroa Oinezeko Argiñe maskotak ez zuen hitzordua huts egin eta haur guztiak animatu zituen. Gainera, denekin argazkia atera zuen. 15 multzotan banatuta Etxarri Aranatzen barna kokatu ziren kirol guneetan aritu ziren, mota guztietako euskal jolas eta jokoetan aritzeko: koxkolak, zaku eramatea, zaku saltoa, hanka paloak, txingak, xiba, toka, artzain zakur jolasa, boloak, dantza, giza proba, egur meta jolasa, zapatilen jolasa, denok beharrezko jolasa, sokatira kooperatiboa eta krosa. Proba bakoitza amaitzerakoan puzzle erraldoi baten pieza jasotzen zuten parte hartzaileek, bukaeran guztien artean osatu zutena. Jaialdia antolatu zuten antolatzaileen logotipoak azaldu ziren bertan. Jaialdia despedituta, parte hartzaile asko eta haien senitartekoak Etxarri Aranazko Karrikestu elkartean bildu ziren bazkaltzera.