Udalak Ijurkori jarritako zigorra salatu du

Guaixe 2009ko martxoaren 30a

Etxarri Aranazko Udalak Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurkeztutako mozioa bere egin du eta haren bidez salatu egin du Hodei Ijurko Irozi jarritako zigorra. Jakina denez, 16 urteko espetxe zigorra jaso du Ijurkok foruzainen kontrako erasoa leporatu baitiote. Udalak onartutako mozioan jasotzen denez, "espainiar estatuak Euskal Herriaren eta euskal herritarren oinarrizko eskubideen ukapenerako darabilen errepresioaren baitan urrats gogor bat gehiago izan da". 16 urteko zigorraren atzean "erabaki politiko garbi bat" dagoela azpimarratu du udalak. Mozioan jasotzen denez, "espainiar eta frantziar estatuek hemen nazio bat dela, bere eskubideak dituela onartu eta eskubide horiek aitortu behar dizkiote". Aldi berean, mozioaren bidez udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio "Foruzaingoaren lan errepresiboa bertan behera uzteko". Azkenik, Ijurkoren familiari eta lagunei babesa adieraztearekin batera, atxilotutakoa isolamendu moduluetatik ateratzeko "exijitu" zuen.