Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Buruz Burukoan aritzeko Aitor Zubieta atzelari etxarriarrak lan bikaina egin zuen, Koka bidean utzi baitzuen, maila bikaina emanda. Atzo txapelketako lehen partida zuen Etxarrikoak Eibarko Astelenan, eta aurkaria, ezaguna, sarritan elkarrekin entrenatu baitira: Iñigo Pascual. Ongi hasi zen Etxarrikoa, lehenbailehen tantoak pilatu nahian. Eta baita lortu ere. Zubietaren eraso zaparradari ezin eutsi aritu zen Lizarraldeakoa, eta markagailuan 2-12 aurreratu zen etxarriarra. Erantzuteko sake konplikatuak, kolpe bikaina eta tantoa bukatzeko dohainak erakutsi zituen. Jaun eta jabe zen Zubieta, baina Abartzuzakoa ez zen behera erori eta agoantatu zuen, asko sufrituz eta bigarren maila batean, ixil-ixilik. Bien bitartean markagailuan zuen diferentzia ikusita eta konfiantza zela medio, presaka hasi zen etxarriarra, paperak galdu eta akatsak bata bestearen atzetik hasi ziren. Pascualek egoera bikain aprobetxatu zuen, bere pilota atera eta jokatzen hasi zen, soilik justua arriskatuta. Zubietak dohain bikainak ditu buruz burukoan aritzeko, baina akaso esperientzia eta heldutasun puntu bat behar ditu, eta alderdi horrek sekulako eragina izan zuen hortik aurrera. Izan ere, moralak behera eginez, ezinean aritu baitzen etxarriarra, sakez ere falta bat eginez. Pascualek sekulako buelta eman zion markagailuari aparteko ezer egin gabe, eta bukaeran gailendu egin zen, 22-18 irabaziz. Izan ere, Zubietak egindako 13 akatsak aprobetxatu zituen eta sakearekin ere min egin zion etxarriarrari, azken hiru tantoak sakez egin baitzituen. Egia esan, zaila da azaltzea zer gertatu zitzaion etxarriarrari. Bukaeran triste zegoen Zubieta, jota, eta "ez dakit zer gertatu zaidan, fisikoki txisparekin nengoen baina blokeatu egin naiz" zioen, behin eta berriz, hurrengo egunean gertatutakoa hoztasunarekin analizatu beharko zuela gaineratuz. Pascualek egindako erremontada bikainaz baino, egoerari buelta emateko izan zuen gabeziak kezkatzen zuen gehiago. "Oraindik ikasteko asko daukat. Garaipena eskutan izan dut eta ez dakit zergatik egin didan ihes" zioen. Pascualek, aldiz, Zubietak min handia egin ziola baina "sufritzen jakin izan zuela" nabarmendu zuen. Xala izango du hurrengo arerioa. Buruz burukotik kanpo geratu da etxarriarra baina esperientzia eta burua kontrolatzen ikasten badu, arerio gogorra izango da etorkizunean. Ongay ere bideanBigarren mailako Buruz Burukoan debutatu zuen ere Aspen dabilen Satrustegiko Alberto Ongaik, Zubietak galdu zuen jaialdi berberan, Astelenan. Egia esan etxarriarraren antzera gauzak ez zitzaizkion batere ongi joan Ongairi, Arrutik 22-13 hartu baitzuen menpean, txapelketako bidean geratuz.