Ea itzulerako partidan irabazteko gai diren etxarriarrak

Guaixe 2009ko apirilaren 20a

Erregional mailako ligan hirugarren sailkatu eta gero, Preferente Mailan aritu ahal izateko Igoera Faserako sailkatu zen Etxarri Aranatz taldea. Lehen multzoan ari da talde etxarriarra, eta Cabanillas du lehen arerio. Joaneko partida Erriberan jokatu zuten eta 2-0 irabazi zieten Cabanillasekoek sakandarrei. Egia esan lehen zatian oso eraso gutxi ikusteko aukera izan zen, baina bigarren zatia biziagoa izan zen. Erriberakoek haizearen norabidea alde zuten eta egoera hori probestu zuten, bi gol sartuz. Nolanahi ere Etxarrik talde borrokalaria dela erakutsi zuen eta ikusi behar zer gertatzen den larunbat arratsaldean San Donato futbol zelaian, itzulerako partida izanen baita jokoan. Igoera fasean aukerak izateko irabazi beharrean daude etxarriarrek. Momentuz, lehen multzoan Lagunak eta Cabanillas taldeek 3 puntu dauzkate, eta Carcarrek eta Etxarri Aranatzek ez dute punturik. Bestalde, aipatzekoa da Altsasuk ez duela Nafarroako Kopa jokatuko. Hortaz, despeditu da aurtengo denboraldia Altsasuko taldearendako, Erregional mailan 10.a sailkatu eta gero, 26 punturekin.