Sakandarrak primeran Euskal Herriko Itzulian

Guaixe 2009ko apirilaren 20a

Egoi Martinez sasoi betean dago. Euskal Herriko Itzulian Tarteko Helmugako sailkapeneko lehena izan zen eta mendiko sailkapeneko bosgarrena. "Txirrindulari lehiakorrena" hautatu zuten, eta primerako itzulia egin zuen. 180 txirrindularik hasi zuten Itzulia, eta horietatik 82 bakarrik bukatu zuten. Jakina denez Astanako Alberto Contadorrek irabazi zuen Euskal Herriko Itzuli gogorra (20:48:30), eta Egoi sailkapen orokorrean 14.a sailkatu zen, 4:01era, primerako lana eginez. Gainera, Amorebietako Klasikoan bigarrena sailkatu zen, Alejandro Valverde irabazlearen denbora berean.  Gorka Verdugo ere primeran dabil. Euskal Herriko Itzulian 20.a izan zen sailkapen orokorrean, Contadorretik 5:18ra, eta Amorebietako lasterketan zortzigarrena sartu zen, irabazlearen denboran. Ag2r taldean dabilen Jose Luis Arrieta 73.a sailkatu zen, 35:09ra. Bestalde, Amorebietako klasikoan Euskaltelen dabilen Jorge Azanza altsasuarra 28.a izan zen, 47 segundora. Txirrindulari sakandarren errepasoarekin jarraituz, Caisse d´Epargnen dabilen Imanol Erbitik lan bikaina egin zuen Paris Roubaix lasterketa gogorrean. Istripuz betetako lasterketa izan zen Quick Stepeko Tom Boonenek hirugarrenez irabazi zuena. Boonenek ere erorikoa izan zuen, baina egoerari buelta ematen jakin izan zuen, eta mesede egin zion ere atzealdean egon ziren etengabeko erorikoak. Imanol Erbiti 40.a sartu zen helmugara, 6:32ra, lau eroriko izan eta gero. Euskalteleko Pablo Urtasun urdiaindarrak Flandes eta Gante klasikoak ez zituen despeditu, baina Paris Roubaixekoa bai, nahiz eta kontrolez kanpo sartu.